Urtarrilaren 31n amaituko da zientzia eta teknologiari buruzko CAF-Elhuyar 2010 sarietara lanak aurkezteko epea

BILBO, 17 Ene. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak eta CAF enpresak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin abian jarri zituzten 2010eko CAF-Elhuyar Sariak orain dela hilabete batzuk, eta lanak aurkezteko epea datorren urtarrilaren 31n amaitzen da.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, parte-hartzaileek hiru kategoriatan parte har dezakete: dibulgazio-artikulu originalen kategorian, 2.000 euroko bi sari emango zaizkie inoiz argitaratu gabeko dibulgazio-artikuluei; bata dibulgazio-artikulu orokorrei dagokie, eta bestea egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluei.

Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioaren kategorian, 5.000 euroko sari bat izango da gazteei zuzendutako euskarazko literatura-lan hoberena aurkezten duenarentzat. Azkenik, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2.000 euroko sari bat egongo da.

Sariketa honi buruzko oinarriak http://caf-elhuyar-sariak.elhuyar.org webgunean daude eskuragarri, eta bertan daude kategoria bakoitzari dagozkion xehetasunak.

Epaimahaiari dagokionez, zientzia eta teknologiako adituek zein literatura- eta kazetaritza-munduko adituek osatuko dute, eta 2011ko martxoaren 30a baino lehen jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.

Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa eta arlo horretako kazetaritza- nahiz narrazio-lanak bultzatzea du helburu duela 17 urte abian jarritako sariketa honek.