Urtean 13.500 minbizi kasu berri detektatzen dira EAEn

Emakume bat mamografia bat egiten
GOVERN
Actualizado: viernes, 3 febrero 2017 10:50

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Urtean 13.500 minbizi kasu berri inguru antzematen dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), gaixotasuna azkar diagnostikatzeko eta tratamendua emateko aukerek "gaixotasun kroniko" bilakatu duten arren.

Larunbatean ospatuko den Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira ezagutarazi diren Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken datuen arabera, 2009 eta 2013 bitartean, 67.409 minbizi kasu diagnostikatu ziren: 40.312 gizonetan eta 27.097 emakumetan. Datuak agerian uzten dute minbiziak gizonetan eragiten duela gehiago eta adinarekin batera gora egiten duela, kasu gehienak 65 urtetik gora ematen baitira, gizon zein emakumetan.

Ohikoenak diren minbiziei dagokienean, kasuen %50 lau minbizi motan biltzen da: kolon eta ondestekoa (ohikoena gizon zein emakumetan), bularrekoa (emakumeen artean ohikoena), prostatakoa (gizonetan) eta, azkenik, biriketakoa.

Halaber, heriotza tasari buruzko azken datuen arabera, minbizia lehen heriotza kausa da EAEn, hildako guztien %30 suposatzen baitu. Gizonen kasuan, portzentaje hori %37,2 da, eta emakumeen kasuan %24,3; minbizia bigarren heriotza kausa da emakumeen artean. 2011-2015 aldiari dagozkion heriotza tasari buruzko datuen arabera, 30.273 pertsona zendu ziren EAEn minbiziaren ondorioz.

Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi duenez, Osasun Sailaren lehentasunezko neurriak jarduketa integrala eta prebentzioa dira, minbiziaren intzidentzia eta heriotza tasa murriztu eta pazienteei erantzun hobeagoa eman ahal izateko. Horretarako, datozen urteetan, eta Eusko Legebiltzarrean aurreratu zuen bezala, Euskadiko Onkologia Plan Integrala abiaraziko da, "zeinak estrategiarik hoberena eskainiko dien, gaixoei, minbiziak dakarren eragina leundu ahal izateko".

Honela, Euskadiko Osasun Sistemaren baitako onkologia arretan inplikaturiko osasun bitarteko eta erakunde ezberdinen lankidetza sarean sakonduko duen eredu bat landuko da. Planak zehaztuko dituen garatu beharreko ildoak, besteak beste, onkologia arretaren antolakuntza, prebentzioa eta bahetze programak, diagnostikoa, sendagai berrien gehitzea eta emaitzen ebaluazioa izango dira.

PREBENTZIO NEURRIAK

Era berean, eta prebentzio neurriei dagokienean, Osasun Sailaren apustua izango da EAEn egun indarrean dauden biztanleria bahetzeko programak hobetzea eta eguneratzea, egun eskuragarri dauden ebidentzia zientifikoei jarraiki, hau da, tumore ohikoenetakoak diren kolon eta ondesteko minbizia eta bularreko minbizia bahetzeko programak. Hauek, berdintasun baldintzetan, tumoreen detekzio goiztiarra, tratamendu leunagoak eta, ondorioz, gaixo daudenentzako bizi kalitate handiagoa ahalbidetzen dituzte.

Programa horiei umetoki lepoko minbizia bahetzeko programa gehituko zaie legegintzaldi honetan zehar. 21 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzendua, bere xedea izango da tumore horren intzidentzia eta heriotza tasa murriztea.

Osasun Sailak, 2013-2020 Osasun Planari jarraiki, alkohola eta tabakoa murrizteko eta ariketa fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzeko esku hartzeak gauzatzen jarraituko du, minbizia eta beste gaixotasun batzutako arrisku faktore nagusiak saihesteko helburuarekin. Osakidetzaren bahetze programetan parte hartzeak eta bizi ohitura osasungarriak hartzeak minbizia prebenitzeko duten garrantzia gogoratu du Darponek.