Urteko kultur jardueren agendaren 15.000 ale banatuko ditu Bilboko Udalak

Actualizado: lunes, 13 enero 2014 12:51
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura Saila 2014ko kultur jardueren agenda berriaren 15.000 ale banatzen hasi da aste honetan. Gidaliburuak, ehun kultur programa baino gehiago, antzerki, zine eta dantza jaialdiak, literatur lehiaketak eta jardunaldiak, arte jarduerak, ondarea ezagutarazteko eta sustatzeko jarduerak, ikastaroak eta udal kultur baliabide guztiak jasotzen ditu, besteak beste.

   "Kulturarako agertoki handia" da aurtengo agendaren izenburua. Bertan, Bilbo kulturarentzat "hainbat adierazpen modu" dituen eszenatoki handi gisa erakusten da, genero guztiak batuz, abangoardiako esperimentaletatik, tradizio herrikoian sustraituta daudenetara arte. "Kalitatezko eskaintza zabala aurkezten da, eta ikus-entzuleek partaidetza aktibo garrantzitsua izango dute kultur eskaintza handi horretan", adierazi dute Bilboko Udaletik.

   Gidak bost atal nagusitan banatzen du hiriko kultur programazioa. "Sorkuntzaren agertoki" atalak pertsonen sormena sustatzera zuzendutako jarduera eta programa guztiak jasotzen ditu, Bilbo sortzaileen elkargune eta pertsona guztiek arte jarduketa anitzetara heltzeko leku izango den gune bilakatzeko.

   Atal honetan biltzen dira literatur lehiaketak, kultur tailerrak, umeei zuzendutako antzerki jarduerak, dantza tradizionalen ikastaroak ikasleentzat, "Artistak Egoitzan" beka programarako diru laguntzak, eta BilbaoMusika, BilbaoArte eta BilbaoEszena kultur erakundeen prestakuntza jarduerak edo Bilbao Film Commissionen (BIFIC) zerbitzuak.

   "Tradizioaren eta abangoardiaren konbinazioa" atalak, folklorearekin lotutako jarduera tradizionalenak eta inspirazio garaikidea duten adierazpenak jasotzen ditu, alderdi biak elkar elika daitezen. Horrela, aurten, alde batetik, BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren edizio berria ospatuko da, bai eta FANT Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren beste edizio bat ere, maiatzaren 9tik 16ra bitartean, abangoardiako BLV-ART bezala.

   Horiekin batera, beste zenbait egitarau ere izango dira, hala nola euskal dantzei eskainitako Dantza Plazetan, Gabonetako kontzertu koralak, bertsolarien eta Musika eta Txistularien Udal Bandaren emanaldiak edo Bilbainada lehiaketa, besteak beste.

   Bilbo "jaialdien entzunareto" ere bada eta, horrela, izen handiko hitzorduak ditu, besteak beste, Zinebi, arte eszenikoak kalera eramaten dituen Bilboko Kalealdia, Poesiaren Astea BilbaoPoesia, Gau Zuria, 365Jazz Bilbao, Bilbao Ars Sacrum (BAS) edo Flamenko Jaialdia.

   Horrez gain, gidaliburuak, "Ezagutzaren bihotza" izenaren inguruan batutako zenbait proposamen jaso ditu. Atal horretan batzen dira kultura zientifikoari eta literaturaren sustapenari eskainitako gunea den Bidebarrieta Kulturgunean antolatutako jarduerak; liburu azokak, Udal Liburutegien Sarean eskaintzen diren jarduerak edo Udal online Artxiborako sarbidea, beste batzuen artean.

AUZOAK

   "Auzo bakoitza, agertoki bat" izeneko azken atalean, azpimarragarria da Bilboko auzoetan eta barrutietan eskainiko den programazio espezifikoa, bertako biztanleen bizimodua alaitzen laguntzeko.

   Urtean zehar banatutako 20 bat programa dira, musikaren (Bilbao Distrito Jazz, musika klasiko zikloak eta abar), irudiaren (zine zikloak, ikus-entzunezko ikastaroak), aisiaren (Kulturalde, Bidaiarien txokoa), arte eszenikoen (Umorezko antzerkia, Bilboko Zirkuitua) edo Gabonen (Kultur Gabonak) ingurukoak.

   Argitalpenak, kulturarekin erlazionatutako udal egoitza eta erakunde zerrenda zabala ere jasotzen du. Iaz bezala, 15.000 ale argitaratu dira euskaraz eta gaztelaniaz. Ale horiek dohainik banatuko dira Barrutietako Udaltegietan, Udaleko informazio bulegoetan, liburutegietan eta kulturarekin eta hezkuntzarekin erlazionaturiko beste hainbat lekutan.

   Horrez gain, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak argitaratzen duen Hileroko Kultur Agendan, Bilbao Kulturan, izena emana duten pertsonek euren etxeetan jasoko dituzte, dohainik, posta arruntez edo posta elektronikoz. 2014ko kultur programazioaren agenda www.bilbao.net webgunean eta Bilbao Kulturaren Facebook gunean kontsulta daiteke: https://www.facebook.com/BilbaoKultura