DONOSTIA 20 May. (EUROPA PRESS) -
Urumea ibaiaren arroan uholdeak ekiditeko Erakundeen arteko Batzordearen laugarren bilera egin da gaur goizean, Donostiako Udaletxean, eta adostutako neurriak betetzeko konpromisoa berretsi dute parte-hartzaileek.
Bileran izan dira Donostia, Astigarraga eta Hernaniko udaletako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Eusko Jaurlaritzako eta URA Uraren Euskal Agentziakoak, Añarbeko Uretakoak eta Kosten Lurralde Ordezkaritzakoak. Hauekin batera, bizilagunen elkarteen ordezkaritza bat ere egon da, aurreko bileretan bezala.
Batzordeak ibaiaren arroan uholde arriskuak murrizteko planean jasota dauden neurriak errepasatu ditu, eta erakunde bakoitzak egiten ari den eta egin beharreko jardueren egoera azaldu du. Bileran, Urumean uholdeak ekiditeko proiektu ezberdinen inguruko ekimenen egoera aztertu da eta azken hiru hilabete hauetan egindako lanen egoera partekatu dute.
Horrela, maiatzaren bukaerarako hasiko dira Loiolako ETSren zubiaren eraisketa, eta, ekainerako, zubi berria egiteko obrak. Lan hauek urtebete inguruko luzapena izan dezakete eta, aurreikuspenen arabera, 2014ko uztailean bukatuko dira. Egiako zubiari dagokionez, ekainean aterako dira lanak enkantera.
Bestalde, Karabeleko zubiaren obrak ere enkantera atera dira eta lanak aurtengo iraila edo urrian hasiko direla kalkulatzen da. Martuteneko bideratzeari behin betiko soluzioa emateko azterketa geoteknikoak egin dira eta URAren eta Donostiako Udalaren arteko elkarlana sustatu da, bertako obren exekuziorako hitzarmen proposamen bat adosteko. 2014rako zubiaren ordezkapena eta ibaian gora bideratze lanak egiteko konpromisoa berretsi dute.
Txomin auzoari dagokionez, Donostiako Udalak behar diren izapide guztiak aurreratu ditu bertako lur eremuak eskuratu eta bertan egin beharreko lanak egin ahal izateko. Donostiako Udal Gobernuak bertako zubia eraikitzeko obrak lanen lehen fasera aurreratu beharko liratekeela adierazi du, auzoaren maila igotzeko lur ekarpenak egin ondoren.
2011ko uholdeak izan zirenetik ia urte eta erdi luze bete denean, ibaiaren arroan dauden udalerriek aldian behin jazaten dituzten uholdeen arriskua murrizte aldera sortu zen Erakundeen arteko Batzordea, neurri zehatzak adosteko helburuz. Lehentasuna da 18 ekintza-neurri jasotzen dituen plana gauzatzea, eta bide horretan batzordea osatzen duen erakundeek azkeneko bileratik gaur egun arte emandako pausoak jakinarazi dizkiote elkarri. Hurrengo bilera irailaren 23an egitea adostu dute Erakundeen arteko Batzordea osatzen duten erakunde guztiek.