UZEIk eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute asteazkenean Donostian

Actualizado: lunes, 4 marzo 2013 14:27

DONOSTIA, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

UZEIk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute asteazkenean, martxoaren 6an, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Donostian, 11:30ean. UZEIren izenean Jon Etxabe presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hitzarmenak UZEIren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu, betiere euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko asmoz, Akademiaren iturriek adierazi dutenez.

Euskaltzaindiaren eta UZEI elkartearen arteko harremana 1986an hasi zen, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da, hiztegigintzan zein corpusgintzan. Hitzarmenak jasotzen duenez, bi erakundeek XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa (ECE), Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Lexikoaren Behatokia (LEBE) eta Hiztegi Batuko lantaldean lankidetzan arituko dira.

Bestalde, asteazkenean bertan, hitzarmena sinatu ostean, Euskaltzaindiak erabiltzaileen esku jarriko du Hiztegi Batuaren azken bertsioa, sarean. Hiztegi Batuaren paperezko azken edizioa 2010. urtean argitaratu zen. Momentu horretan, Hiztegi Batuaren bigarren itzulia egiten ari zen Akademia, eta, aldiro-aldiro, onartu ahala, bigarren itzuli horren hitz-zerrendak txertatzen zituen Hiztegi Batuan.

Orain, bigarren itzulia amaitu da eta, hain zuzen ere, bigarren itzulia bukatutzat ematen duen azken bertsioa aurkeztuko da asteazkenean. Euskaltzaindiak arautu dituen 42.942 formak (36.845 hiztegi-sarrera eta 6.097 azpisarrera) oso-osorik eskainiko dira sarean. 2010etik hona, 2.763 sarrera eta 208 azpisarrera gehiago eskaintzen ditu.

Jon Etxabe eta Andres Urrutiarekin batera, Andoni Sagarnak eta Miriam Urkiak, Euskaltzaindia eta UZEIren izenean, hurrenez hurren, aurkeztuko dute Hiztegi Batuaren azken bertsioa. Xabier Kintana, Miren Azkarate, Pello Salaburu eta Patxi Uribarren Hiztegi Batua (2. itzulia) Batzorde Ahaldunduko kideak ere aurkezpenean izango dira.