UZEIk Hobelex Microsoft Officerako euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa eta lexikoa sortu du

Actualizado: miércoles, 22 octubre 2014 13:47
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   UZEIk Hobelex sortu du, Microsoft Officerako zuzentzaile ortografikoa eta lexikoa, euskaraz akats ortografikorik gabe idaztea eta, gainera, lexiko zuzen eta eguneratuarekin idaztea bermatzen duen tresna.

   Terminologia eta lexikografia zentroak jakinarazi duenez, alde batetik, Hobelex zuzentzaile ortografikoa da (orain merkatuan dauden zuzentzaileak bezalakoa), hau da, akatsez idatzitakoak markatzen ditu, zuzenketa posibleak proposatuz.

   Horrez gain, zuzentzaile lexikoa ere bada, eta hau da berrikuntza nagusi eta nabarmena. Euskaltzaindiaren arauetan eta Terminologia Batzordearen erabakietan "baztertuta" edo "bigarren mailakotzat" zehaztuta dauden hitzak markatzen ditu, hobetsitakoak edo gomendatutakoak proposatuz.

   UZEIko arduradunek azaldu dutenez, euskaraz lexikoa zainduta (hitzak zuzen erabiliz) idazteko, bi gauza hartu behar dira kontuan: hitzak ortografia egokiaz idaztea, eta hitz bat, ortografiaz ondo idatzita egonda ere, euskara baturako egokitzat hartzen den egiaztatzea.

   Lehen puntua zuzentzaile ortografikoak konpontzen du, baina bigarrena Euskaltzaindiaren arauak eta proposamenak eta Terminologia Batzordearen erabakiak errespetatuz lortzen da. Alabaina, informazio horren berri izateko, iturrira (Hiztegi Batua, Euskalterm) joan behar izan ohi da zalantza dagoen aldiro.

   "Eta horrek gauza bat uzten du argi: zuzentzaile ortografikoa motz geratzen dela euskara batuaren arauei jarraituz idatzi nahi duen edonorentzat, zaindu beharrekoa ortografia hutsa baino zerbait gehiago baita. Horregatik planteatu zen zuzentzaile ortografikoak zuzentzaile lexikoa ere izan beharko lukeela, zuzenketaren ondoriozko emaitza fidagarriagoa izateko", azaldu dute.

   Beste eragozpen bat da erakunde arautzaile horiek etengabeko lanean ari direla formak arautzen, hobesten eta baztertzen, eta horrela, arauak aldatu eta osatu egiten direla etengabe. Hobelex tresna berriaren zuzenketen egokitasuna une oro bermatzeko, etengabe eguneratua (egunez egun) dago egiaztatzailearen atzean dagoen informazio lexikala.

   Euskaraz idazten duen edonorentzat da Hobelex, eta baldintza bakarra Microsoft Office izatea eta euskaraz ongi idazteko beharra edo borondatea da.