Vana Gierig Group & Paquito D'Rivera ariko dira "365 Jazz Bilbao" programan otsailaren 9an

Actualizado: domingo, 6 febrero 2011 14:23

BILBO, 6 Feb. (EUROPA PRESS) -

Vana Gierig Group taldeak Paquito D'Rivera musikariarekin batera eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen "365 Jazz Bilbao" programaren hirugarren sasoia. Emanaldia otsailaren 9an izango da, Arteria Campos Eliseos Antzokian, antolatzaileek adierazi dutenez.

Aurten "365 Jazz Bilbao" programaren hirugarren urtea izango da, herritarrei urte guztian jazz musikaren kontzertuen eskaintza iraunkorra eskaintzeko asmoz. Bilbao 700 Fundazioak antolatuta, programak lehengo helburuari eutsi dio, hau da, jazzaren nazioarteko kartela eskaintzea, kalitate handikoa eta prezio merkeetan.

2011ko programazioak fusiorako gonbidapena egingo du, hitzaren zentzurik onenean, eta jazzaren mundutik irten gabe sustraiak eta abangoardiako joerak uztartzeko proposamena egingo du. "Musikaren mugak ez dira inoiz egon orain bezain zabalik. Nahikoa da kulturen, generoen, erritmoen edo lengoaien arteko fusioei edo eraginei erreparatzea, musika erabat globalizatuta dagoela ikusteko", azaldu dute antolatzaileek.

Jazzaren munduan egun punta-puntakoak diren figurek eskainitako zortzi kontzertu handi eta ostiral eta larunbatetan hoteletan zuzenean eskainitako 24 ekitaldi izango dira aurtengo programazioan. Kontzertuetako eszenatokiak Arteria Campos Eliseos Antzokia, Bilboko Elkarte Filarmonikoa, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskalduna Jauregia izango dira. Halaber, urtero jazzarekin duten hitzordura ez dute huts egingo Hesperia Bilbao, Domine eta Indautxu hotelek.

Vana Gierig Group New Yorkeko pianista eta musikagile entzutetsuaren taldeak Paquito D'Rivera saxofonista kubatarrarekin batera eskainiko duen kontzertuak hasiko du denboraldia, otsailaren 9an, 20:00etan, Arteria Campos Eliseos Antzokian.

Paquito D'Riverak ez du aurkezpenik behar, eskuratu dituen sarien artean bederatzi Grammy dituelako. Kultura musikalen nahaste bakana da, inoiz ez bezala batzen dituelako jazza, rocka, musika klasikoa eta Kubako musika tradizionala.

Beste alde batetik, Vana Gierig egungo jazz konpositorerik eta pianistarik garrantzitsuenetakoa da. Vanak bira asko egin ditu mundu guztian zehar bere taldearen buru eta eszenatoki gainean artista handiekin batera egon da, hala nola Regina Carter, Rachelle Ferrell, Lena Horne, Ute Lemper, Carmen Lundy, Miroslav Vitous eta Will Downing-ekin.

Kontzertu honen ondoren, urtean zehar "365 Jazz Bilbao" egitarautik igaroko dira Brad Mehldau, Omar Sosa Afreecanos Quartet, Madeleine Peyroux, Belmondo Quintet, Stacey Kent, Michael Mossman, Daniel Amat Quartet, Pepe Rivero Trio, MBM, Vistel Brothers, Miguel Salvador Project edo Kyrios Quartet, besteak beste.