Vargas Blues Band taldearekin hasiko da gaur XXIII. Getxo & Blues

Javier Vargas buru duen taldeak hasiko du gaur Getxo & Blues
GETXOKO KULTUR ETXEA
Actualizado: viernes, 17 junio 2011 12:40

BILBO, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Javier Vargas bluesman madrildarra buru duen Vargas Blues Band taldearekin hasiko da gaur Getxoko XXIII. Nazioarteko Blues Jaialdia. Aurtengo egitarauan estilo anitzeko artista eta taldeak bildu dira, esaterako, Otis Taylor, Corey Harris, Vargas Blues Band, Devon Allman eta Charmaine eta Charles Neville. Horiek guztiak Algortako Biotz Alai plazan ariko dira 21:00etan, ekainaren 19an izan ezik, egun horretan saioa 20:00ean hasiko baita, Getxoko Kultur Etxeko iturriek adierazi dutenez.

Bluesa Europatik at esportatzea lortu duen artista urrienetariko batekin hasiko da jaialdia: Javier Vargas. Musikari madrildarrak estilo propioa garatzea lortu du, blues latinoa alegia; soinu anitzak uztartzen ditu sustrai afroamerikarra duen musikarekin. Nahasketa horri esker artista handiekin lankidetzan jarduteko aukera izan du, hala nola Lonnie Broks, Larry Graham, Sugar Blue edo Larry McCray-rekin.

Vargas Blues Band taldeak, oraingo honetan, Devon Allman gitarra-jotzaile eta abeslariaren laguntza izango du. Allman Brothers banda famatuko Gregg Allman mitikoaren semea da Devon, eta blues rock onenaren adibide argienetakoa.

Ekainaren 18a jaialdiko egun nagusia izango da, Otis Taylor-ekin, gaur egungo blues musika eszenako artistarik garrantzitsuenetakoarekin, hain zuzen ere. Bere bluesak, sustrai afroamerikarretatik abiatuta, jazzaren eragina ere badu, hala soinu akustikoetan, nola erritmo elektronikoetan. Sarritan, halako psikodelian eratortzen da, artistak berak "trance blues" izena eman dion estiloa sortuz.

Hitzei dagokienez, konpromisodunak dira, arrazakeria eta pobrezia bezalako gaiak jorratzen baititu, gitarren riff-en bidez. Horrek guztiak, sentsibilitate handia ematen dio bere lanari.

COREY HARRIS

Otis Taylor-ek beste artista handi bat izango du lagun: Corey Harris. 2001ean ere aritu zen Getxon, arrakasta handiarekin gainera. Sailkatzeko estilo zaileko artista da Corey Harris, trebetasun handiz uztartzen baititu estilo desberdinak: blues, rythm&blues, reggae, folk edo afrikar doinuak. Ondorioz, folk blues eta erritmo tradizionaletara gerturatzen da, sarri askotan.

Soinuak fusionatzeko duen trebetasunak eta musika-ikerketaren alorrean erakutsi duen interesari esker, Henry Butler edo Ali Farka Toure (afrikar artista garrantzitsuenetarikoa) bezalako artistekin kolaboratu eta musika tradizionalaren ikerketan lagundu du.

Azkenik, ekainaren 19an, Getxo & Blues jaialdiko egitaraua handiekin bukatzeko, Charmaine Neville 'Mardi Gras'-en erregina ariko da bere aitak lagunduta, Neville Brothers taldeko saxofoi-jotzaile Charles Neville mitikoak lagunduta. "New Orleans Mardi Gras" izeneko ikuskizunarekin dator abeslaria hiri horren musika tradizio onena ikus-entzuleei erakusteko.

Biotz Alai plazako eskaintzaz gain, ikus-entzuleek doako bi kontzertuz gozatu ahalko dute, Algortako The Piper's Irish Pub lokalean, gaueko 23:00etatik aurrera. Ekainaren 17an, Los Blues Morning Singers banda getxotarra ariko da, eta 18an, Maraya Zydeco soinu-jole asturiarrak cajun erritmoen bidez Louisianara eramango ditu zaleak.