Visesak Bermeon sustaturiko proiektu bat saritu dute arkitektura berritzailea eta jasangarriari buruzko lehiaketa batean

Proiektu saritua
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 12 febrero 2013 13:08

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Visesa sozietate publikoak Bermeon (Bizkaia) 2007an babes ofizialeko 50 etxebizitza bioklimatiko egiteko sustaturiko hirigintza-proiektua Gaztela eta Leongo Juntaren aitorpen publikoa jaso du, diseinuan eta eraikuntzan ingurumenarekin loturiko irizpideak eta alderdiak txertatu izanagatik.

Horrela, Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, Visesa sozietatearen proiektuak "Premios Construcción Sostenible" deritzon lehiaketako saria jaso du. Lehiaketa Gaztela eta Leongo Juntak antolatzen du bi urterik behin, eta helburua garapen jasangarria eta ingurumena errespetatzen duten eraikinak sustatzea eta haien eraikuntzan alderdi berritzaileak eta jasangarriak bultzatzea da.

Valladoliden astearte honetan saria jaso duen proiektua Ramón Ruiz Cuevas eta Adolfo Moro Quintana arkitektoena da, eta Cadem erakundeak emandako "A" energia-kalifikazioa du. Epaimahaiaren hitzetan, saria emateko erabakigarriak izan dira proiektuak oztopo topografikoei emandako konponbideak eta ingurumena errespetatzen duten materialak erabili izana.

Bi mailatan kokaturiko bi plaza publiko moldatzeko bi eraikin sortzea planteatu zuen arkitekto taldeak. Plazetako bat eguratsetik oso babestuta dago, eta besteak "itsasoarekin eta paisaiarekin elkarrizketan dihardu, ingurunera irekitako balkoi baten moduan", egileek memorian jaso dutenez.

Eraikinen kokapenari dagokionez, arkitektoak Euskal Herriko baserrietan oinarritu ziren, eta eguzkiaren argia ondoen aprobetxatuko duten lekuan planteatu dituzte. Hori dela-eta daude bi eraikinak eguzkiari begira eta iparraldeari itxita. Hegoaldeko fatxada baso jasangarrietako egurrarekin dago eraikita, eta eguzkia modu pasiboan atzitzeko planteatuta dago, alegia, leiho handiekin, eguzkiaren erradiazioa kontrolatuko duten brisoleiekin eta inertzia termiko handia duen harri-iluneko zoladurarekin.

Leihoek kristal bikoitza dute eta emisibitate baxukoak dira, euriaren ura biltzeko andelak ditu ureztatzeari begira, eta berokuntza-sistema zentralizatua du tenperatu baxuko gas naturalezko galdararekin. Bestalde, iparraldeko fatxadan zeramikazko adreilu zuria erabili zen. Elementu komunak, esaterako kolektoreak, ur-tangak, eta abar arkitekturan integratuta daude.

68 PROIEKTU

Gaztela eta leongo Juntak antolatzen duen "Construcción Sostenible" sarien laugarren edizio honetan Estatuko autonomia erkidego guztietako 68 proiektuk parte hartu dute, baina Madrilgo, Kataluniako eta Euskadiko proiektuak izan dira ugarien.

IISBE (Internacional Initiative for Sustainable Built Environment) nazioarteko erakundeak 2008an Melbournen (Australia) egin zen Eraikuntza Jasangarriko Munduko Biltzarrean (SB08) Espainiaren ordezkari izateko aukeratu zuen Bermeon babes ofizialeko 50 etxebizitza bioklimatiko eraikitzeko proiektua.