Visesaren babes ofizialeko 204 etxebizitza eraikitzeko obra hasi da Leioandin (Bizkaia)

Publicado: viernes, 29 agosto 2014 13:37

BILBAO, 29 Ago. (EUROPA PRESS) -

Visesaren etxebizitza babestuen bi sustapen eraikitzeko obrak hasi dira Leioako udalerriko Leioandi arean (Bizkaia), 108 BOE eta 96 BOE, Eusko Jaurlaritzak ostiralean jakinarazi duenez.

Satie Arquitectos delakoa izan da Sukia enpresa eraikitzaileak egingo dituen 108 BOEen proiektua idazteko arduraduna. Etxebizitza horiek bi logelako 49 unitate eta hiru logelako 59 unitate dira eta 56,54 m2 erabilgarri eta 87,3 m2 erabilgarri bitartean dauzkate. Haien prezioa 115.218,81 eurotik aurrerakoa da, gehi BEZa (garajea eta trastelekua barne). Etxebizitzak ematen direnean, sukaldea altzari altuez eta baxuez eta etxetresna elektrikoez hornituta egongo dira.

Bestalde, orain hasiko den beste sustapenak 96 etxebizitza dauzka (36 bi logelakoak eta 60 hiru logelakoak). Haien azalerak 54,61 m2 erabilgarritik aurrerakoak dira eta prezioak, berriz, 110.517,51 eurotik aurrerakoak gehi BEZa (garajea, trastelekua eta sukaldeko hornikuntza barne). Proiektua Germán Velazquezek egin du eta Construcciones Moyua enpresak eraikiko du.

204 ETXEBIZITZA BAINO GEHIAGO

204 BOE horiek 2013ko martxoan eraikitzen hasi ziren 100 etxebizitza babestuei gehitzen zaizkie. Horrela, Visesak salgai dauden 304 babes ofizialeko etxebizitza sustatuko ditu guztira. Era berean, Leioandiko zona horretan bertan, Visesa alokairuan dauden 101 gizarte-etxebizitza sustatzen ari da.

Hala ere, Leioako area horretan ez ezik Visesak Bilbon eta horren ingurunetan ere jardutea aurreikusten du. "Etorkizunari begira Visesaren erronka azpimarragarrietako bat da egoitza-sustapenen ohiko balioekin alderatuta demanda energetikoa eta CO2 isuriak nabarmen murriztuko dituzten babes publikoko etxebizitzen aldeko apustua egitea", dio Eusko Jaurlaritzak.

Horretarako, 2014-2020 bitartean, Visesak hainbat jardun bideratuko ditu Bilbo Metropolitarraren eremuan; jardun horietan, proiektuen eta obren lizitazioaren aurretiko faseetan eta sustapenaren garapenean eta egikaritzean parte hartuko du eta, hala, etxebizitza horiek A
edo B egiaztagiri energetikoa lortuko dute. Jardun horiek Getxon, Leioan, Sestaon, Barakaldon, Zorrotzaurren, Ametzolan, Boluetan eta Basaurin garatuko dira.

Horrela, Getxon "kontsumo energetiko ia nulua izango duen eraikuntza" bat egin nahi da itxituren, zurgin-lanen eta instalazioen ezaugarri teknikoei lehentasuna emanez, baita eraikinaren inguratzailearen diseinua egokituz ere.

Bestalde, Leioa-Txorierrin dagoeneko aipatutako neurri energetikoez gain, eraikina altzairuzko moduluak oinarri dituzten sistema industrializatuak baliatuz eraikitzea aztertzen ari dira.

Haien neurriagatik eta Bilboko ingurunean daukaten
garrantziagatik, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu ditu Zorrotzaurrekoa, Bilbon kokatuta, San Inazioren eta Deusturen aurrean, eta 838.781,25 m2-ko hedadura duena.

Jaurlaritzaren ustez, Zorrotzaurre "proiektu berritzailea da, hasieratik jasangarritasunaren eredu gisa asmatu zen eta Bilbo orain dagoen hiria oinarri hartuta eraldatzeko filosofiarekin jarraitzen du". 5.473 etxebizitza inguru hartuko ditu barne, erdia babestuak. Horietatik, 1.063 Visesari egokituko zaizkio eta 632, aldiz, Eusko Jaurlaritzari. Era berean, bi heren erabilera publikorako izango dira.

Boluetari dagokionez, industria-lurrak "gizartearen onurarako berreskuratzeko premiatik abiatzen da", Eusko Jaurlaritzaren ustez. Energia aurreztea, energia berriztagarriak erabiltzea eta material natural eta osasungarriez eraikitzea dira proiektuaren oinarriak.
Proiektuak 1.100 etxebizitza izango ditu, eta horietatik 608 babes publikokoak izango dira.

Era berean, Sestao Vega Galindon 1.351 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da. Horietatik 946 babes-motaren baten menpe egongo dira. EU-1 delakoak izango dituen 328 etxebizitzetako 105 BOEen eta 50 GEen lehen fasea laster hasiko da.