Vladimir Mogilevsky birtuosoak piano ererzitaldia eskainiko du asteartean Gasteizen

Vladimir Mogilevsky
VITAL FUNDAZIOA
Actualizado: lunes, 1 febrero 2016 14:02

GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)

   Vital Fundazioaren Astearte Musikalak zikloak Vladimir Mogilevsky piano jotzaile birtuosoaren emanaldia eskainiko du asteartean, otsailaren 2an. Errezitaldia Vital Fundazioaren aretoan izango da, Gasteizen, 20:00etan hasiko da eta Chopin, Schubert eta Liszten piezak entzun ahal izango dira, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   Vladimir Mogilevskyren (Mosku, 1970) musikarako talentu aparta oso goiz aurkitu zuten, bost urte baino ez zituela. Moskuko Gnessin eskolan konturatu ziren bere gaitasunaz eta zortzi urterekin jada errezitaldiak ematen zituen Errusiako hiriburuko jaialdi ospetsuetan. Bertan, bere herrialdeko musikagileek berarentzat berariaz idatzitako piezak jotzen zituen, eta gaur egun ere gordetzen da tradizio hori. 1995ean, Gnessin Musika Eskolan ikasketak amaitzean, kontzertu piano jotzailearentzako ohore handienak jaso zituen eta Alemaniara joan zen. Gaur egun ere Alemanian bizi da.

   Sari eta aitorpen asko jaso ditu bere musika ibilbidean, eta horietako bat, Portugaleko Oportoko Piano Nazioarteko Lehiaketan lortu zuen bigarren saria, erabakigarria izan da bere jardunerako; lehiaketa horretan Beethovenen Sonata bat ondoen jo duenarentzako sari berezia ere jaso zuen. 1992an lortu zuen sari horrekin bere karrerak abiada hartu zuen eta Alemaniako areto entzutetsuenetan jo zuen, baita Israel eta Hegoafrikako areto garrantzitsuenetan ere.

LISZTEN PIANOA

   Mogilevsky ganbera musika jotzeko musikari kotizatua ere bada, eta Matt Haimowitz (biolontxeloa) eta Vadim Repin (biolina) musikariekin batera arrakasta handiak lortu ditu. Bere ibilbideko mugarrietako bat 2002an Liszt Piano Festival delakoa irabazi ostean etorri zen, Alemaniako Bonn hirian, lortutako garaipenak Franz Listz Etxeko ateak ireki baitzizkion, Wiemar hirian, eta bertan, kontzertu bi eman zituen Listzen beraren pianoan. Lan horiek harrera beroa izan zuten eta musikagilearen birbilobak berak zoriondu zuen. 2004ko abenduan, Berlinen, Nazioarteko Saria jaso zuen, Kultura Musikaleko bere lorpenengatik.

   Areto handi eta auditoriumetan kontzertu emaile duen jardueraz gain, Vladimir Mogilevskyk gertaera entzutetsuetan ere jo du hainbat aldiz. Era berean, kontzertuez gain, irratian eta telebistan ere egiten ditu emanaldiak sarri eta ikastaro magistralak ematen ditu mundu osoan. Hainbat lehiaketako epaimahaikide izateko ere deitzen dute, eta Steinway&Sons' delakoaren artista ofiziala eta esklusiboa ere bada. Konpainia horrek 160 urte luze ditu eta eskuz egiten dituzte piano bikainak.

   Astearteko errezitaldirako sarrerek zortzi euro balio dute eta Vital Fundazioaren aretoan bertan eros daitezke kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik aurrera.