Vocalia taldeak "Andra" eramango du martxoaren 8an Arriagako Gelatxoetara

Vocalia taldea
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: viernes, 4 marzo 2016 15:53

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Vocalia taldea Bilboko Arriaga antzokiko Gelatxoetan izango da datorren asteartean, martxoaren 8an, emakumeek emakumeentzat idatzitako musika egitarau batekin, hau da, emakume egileek andren ahotsetarako idatzitako errepertorioarekin. Taldeak urteak zeramatzan ideia hori lantzen, eta orain, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, zuzenean eskainiko duten "Andra" egitasmoan gauzatu da. Emanaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da.

   "Andra" aurkezteko eguna ez da kasualitatez aukeratu, beste alor batzuetan bezala, abesbatzetarako musika idaztearena, ia osorik gizonezkoentzat erreserbatuta egon den eremua izan baita. "Zorionez, zeozer aldatzen ari da, eta prestakuntza eta sentsibilitate bikainak dituzten mundu osoko emakume egile askok, ahots zurien edo andren ahotsen abesbatzetarako lanak idatzi eta idazten dituzte", adierazi dute.

   Horrela, Basilio Astulezek zuzentzen duen Vocalia taldearen iritziz, "emakume sortzaile horien lanak aintzatetsia eta errebindikatua izatea merezi du".

   Emakumez osatutako ahots taldeak hainbat emakume egileren lana landu du, bere egin arte, eta horren emaitza "Andra" da, "gaur egungo panoraman garrantzi gehien duten abesbatzetarako musika egile emakumezkoetako batzuen lana erakusten duen mosaiko txikia". Errepertorioan, Eva Ugalde edo Junkal Guerrero bezalako euskal konpositoreen eta Tone Bianca Dahl, Alice Parker, Eleanor Daley edo Beatriz Corona bezalako Europako eta Ameriketako beste batzuen lanak eskainiko dira.

   Emakumez osatutako Vocalia ahots taldeak 2000. urtean hasi zuen ibilbidea, gaur egun taldearen zuzendaria den Basilio Astulezen ekimenez. Taldearen apustua, musika eta ahots exijentziak direla-eta ohikoa ez den errepertorioa landuko duen ahots talde egonkorra sortzeko asmo sendoan du ardatza. Gaur egun, abesbatzen alorrean esperientzia zabala duten 28 euskal abeslarik osatzen dute taldea.