Werten proposamenarekiko desadostasuna azaldu dute Madrilen hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten erakundeek

Paul Bilbao, Kongresuko atarian adierazpenak egiten
KONTSEILUA
Actualizado: martes, 12 marzo 2013 17:36

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten duten hainbat erakunderen ordezkariak izan dira astearte honetan Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan Gobernuak hezkuntzan abian jarri nahi duen legea salatzeko.

Kongresuko atarian adierazpenak egin dituzte ordezkariek, hain zuzen, Euskal Herritik Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao bertaratu da, Galiziatik A Mesa pola Normalización Lingüística erakundeko lehendakari Carlos Callon eta Herrialde Katalanetatik CIEMEN-Enllaçats erakundeetatik Maria Areny (Principat), Vicent Maurí eta Joaquim Arenas (Valentzia) eta Mª Antònia Font (Baleareak).

Lehenik eta behin Kongresuko Mahaiaren jarrera salatu nahi izan dute, Kongresuko aretoak baliatzeko eskaerak duela zenbait egun egin arren, astelehen arratsaldean jakinarazi baitzieten prentsarako erabiltzen den aretoa baliatzerik bazutela, baina prentsak ez zuela sartzerik izango.

"Horrek erakusten du Gobernuaren benetako jarrera: gizarte zibil antolatuaren iritzia isildu nahi dute. Zeren beldur dira? Zentsura baliatu nahi al dute gure iritzia zabaldu ez dadin?", galdetu du Kontseiluko ordezkariak.

Halere, agerraldia Kongresuko kanpoaldean egin dute erakundeetako ordezkariek, eta horren ondoren, hainbat talde parlamentariotako ordezkariekin bilera itxia egin dute Kongresuaren egoitza barruan.

Hiru erakundeek bat egin dute Espainiako Hezkuntza ministro José Ignacio Wertek egindako proposamenaren irakurketarekin. "Gure eta ordezkatzen dugun erakundeen aburuz, zirriborro horrek gure hizkuntza-komunitateei zuzenean eraso egiten die, hizkuntza gutxiagotuak bermatu eta indartu beharrean gure hizkuntzen aurkako planteamendua delako eta bigarren mailako hizkuntza gisa betikotu nahi dituelako, horrek dakartzan ondorio guztiekin", adierazi dute.

ALDARRIKAPEN ZEHATZAK

Hori dela eta, aldarrikapen zehatzak egin dituzte talde parlamentarioen aurrean. Batetik, hizkuntza-eskubide osoak bermatzeko eta hiru lurraldeetan berezko hizkuntzetan normaltasunez bizitzeko eskubidearen aldeko lana berretsi nahi izan dute, eta bestetik, hiru hizkuntzen ezagutzaren zein erabileraren normalizazioan aurrera egiteko hizkuntza-politikak defendatzen dituztela adierazi dute, administrazioetan, eskolan, hedabideetan eta abar presente egon daitezen, eta lurralde bakoitzean hizkuntza komuna eta kohesio sozialerako hizkuntza izan daitezen.

Azkenik, euskara, galego eta katalanaren hizkuntzen ezagutza osoa herritar guztientzat nahi dutela azaldu diete talde parlamentarioei, "gure hizkuntzekiko zein hizkuntza horiek ezagutu edota erabiltzen dituzten pertsonekiko justizia-ekintza" dela uste dutelako.

Horrela, LOMCE legeak horren kontra egiten duela adierazi dute. "Hezkuntza Lege berriaren zirriborroa onartezina da, hezkuntza kontraerreforma atzerakoia, homogeneizatzailea eta baliogabea proposatzen duelako. Are gehiago, alferrikako proposamena da ez duelako ikasleria prestatzen egungo egoerak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko", adierazi dute erakundeetako ordezkariek.

Erakundeon iritziz, "Wert ministroak gure hizkuntzekiko agertzen duen obsesio gaixo eta aurrekonstituzionala islatuta agertzen da aipatu proposamenean".

Halaber, "inoiz baino gehiago", nahitaezkotzat jo dute eragile sozialen, sindikalen eta politikoen arteko aliantza "astakeria horri amaiera emateko". "Hizkuntza-komunitate gutxiagotuen arteko aliantzak ere behar ditugu eraso mota horien aurrean harresia eraiki ahal izateko", gaineratu du. Arrazoi horiengatik eragileek emandako iritzia Kongresura bertara helarazteko eskaera egin diete talde parlamentarioei.