Wroclaw hirian egonaldia egiteko euskal artistei zuzendutako deialdia zabalik

Wroclaw hirian egonaldi artistikoa egiteko deialdia zabalik
ETXEPARE INSTITUTUA
Actualizado: viernes, 19 mayo 2017 12:11

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoak egiteko euskal artistei zuzendutako deialdia zabaldu dute beste urte batez. Etxepare Euskal Institutuaren eta Artists In Residence Programme (AIR Wro) programaren arteko lankidetzari esker, bi artistak zortzi asteko egonaldia egiteko aukera izango dute, Poloniako hiriko kultura eta identitate garaikidean oinarritutako proiektua garatzeko.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, proposamenak aurkezteko epea ekainaren 19ra arte egongo da zabalik eta diziplina anitzeko proiektuak aurkez daitezke. Hautatutako artistak uztailaren 31tik irailaren 24ra egongo dira Wroclaw hirian, Donostiarekin batera 2016ko Europako Kultur Hiriburu izandako hirian. Deialdiak jarraipena ematen dio 2014tik Donostia 2016 eta Wroclaw 2016 Hiriburutzen baitan sortutako artisten elkartruke programari.

Egitasmo honen bitartez, Wroclawen proiektua sortu eta garatu dezaten gonbitea egiten zaie eszena urbanoan interesatutako artistei. Egonaldiaren baitan, artistak hitzaldi bat eskainiko du eta egonaldiaren emaitzen aurkezpena egingo du irailaren 20tik 22ra egingo den "City and Culture" izeneko nazioareko biltzarrean. Bidaia eta ostatu gastuez gain, artistek 2.000 euroko ordainsaria jasoko dute, hala nola proiektua aurrera ateratzeko produkzio, promozio eta komunikazio babesa.

Parte hartu nahi duten hautagaiek curriculum vitae eta portfolioa aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera eta etxepare@etxepare.eus helbidera bidali. Batzorde espezializatu batek bi proiektu hautatuko ditu eta BFI2016 zein Etxepare Institutuaren web orrien bitartez emango da hautatuen berri.