Wynton Marsalis, Stacey Kent eta Ignacio Berroa izango dira Getxoko Jazzaldiaren saio nagusietan

Wynton Marsalis tronpetista
GETXOKO KULTUR ETXEA
Actualizado: lunes, 11 marzo 2013 13:55

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko 37. Nazioarteko Jazzaldiaren saio nagusiek Wynton Marsalis tronpetista, Stacey Kent abeslaria eta Ignacio Berroa perkusionista izango dituzte protagonista uztailaren 3tik 7ra bitartea. Guztira, egun horietan zehar, 15 kontzertu eskainiko ditu herri bizkaitarreko jazzaldiak, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Ohi bezala, saio nagusiak eta Talde Lehiaketakoak Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etan hasita. Arratsaldeko saioei dagokienez, Algortako Geltokia plazan izango dira, 19:00etatik aurrera. Horiez gain, The Piper's Irish Pub taberna algortarrean jam saioak izango dira uztailaren 4tik 6ra, Biotz Alai plazako saioak amaitu ondoren. Ordaindu beharreko kontzertuetarako sarrerak apirilaren 8an jarriko dira salgai.

Wynton Marsalisek (1961, New Orleans, AEB) amaiera bikaina emango dio aurten jazzaldiari, uztailaren 7an. Jazzaren historiako tronpetista onenetariko bat omen da artista estatubatuarra, eta neoklasizismoaren adierazgarria. Bere estiloak, teknikoki akatsik gabea, swing zein beboparen adierazpen modernoenak barne hartzen ditu.

Marsalis 1980ko hamarkakako hasieran agertu zen indar handiz musika eszenan eta hasieratik jazz akustikoari eta tradizionalari atxikitutako musikaren aldeko apustua egin zuen. Halaber, 1960ko hamarkadako erdialdetik eginiko abangoardiako jazz gehienaren aurrean jarrera kritikoa hartu zuen.

Freddie Hubbarden eta Miles Davisen doinuek eragin handia erakutsita, bere lehenengo urratsak Herbie Hancockekin eta Art Blakeyrekin eman zituen eta, ondoren, Branford anaiarekin boskotea sortu zuen. Bere jardueran proiektu anitzetan parte hartu du Marsalisek, esaterako, Marcus Roberts, Robert Hurst, Wycliffe Gordon, Eric Reed eta Getxon arituko den Lincoln Center Jazz Orchestra-rekin.

BERROA ETA KENT

Uztailaren 3an, jazz latinoaren zaleek Ignacio Berroaren (1953, Habana) laukotearen musikaz gozatzeko aukera izango dute. Berroa egungo perkusionista kutabar handienetako bat da. 1980ko hamarkadan New Yorkera bizitzera joan zen eta bertan Dizzy Gillespie laukoteari batu zitzaion. Tronpeta-jotzaile mitikoa 1993an zendu arte, bere talde guztietan jardun zen Berroa.

Bere ibilbidean zehar, Berroa maila goreneko musikariekin jardun da elkarlanean, esaterako, McCoy Tyner, Chick Corea, Wynton Marsalis, Freddie Hubbard, McLean Jackie, Michael Brecker, Joe Lovano, Jaco Pastorious, Ron Carter, Charlie Haden, Tito Puente eta Gonzalo Rubalcaba.

2007an lehenengo diskoa grabatu zuen taldeko liderra zela -"Códigos"-, eta Grammy Sarietarako izendatu zuten urte horretan. Gaur egun, disko berri batean lan egiten dabil eta musika jarduera arlo pedagogikoarekin uztartzen du, mundu osoan maisu-klaseak eta 'clinic' delakoak ematen baititu.

Bestalde, uztailaren 4an, Stacey Kent (1968, South Orange, New Jersey, AEB) abeslari ingeles-amerikarra arituko da Getxon. 1990eko hamarkadaren hasieran ekin zion bere jarduera arrakastatsuari eta 1997an bere lehenengo diskoa kaleratu zuen: "Close Your Eyes". Publikoak zein kritikoek harrera bikaina egin zioten.

"The Boy Next Door" (2007) diskoari esker Grammy Sarietarako izendatu zuten, Ahots-Jazzeko Disko Onenaren sailean. Ella Fitzgerald bezalako artista handien estiloarekin, bere ahots gardena eta fraseatze bikaina zehaztasun handiz barneratzen dira bere kantetan. Horietan, denboraz kanpoko istorioak abesten ditu, hainbat belaunalditako zaleengana heltzeko gaitasuna dutenak.