Xabier Gereño ohorezko euskaltzaina hil da, 86 urte zituela

Xabier Gereño idazle eta ohorezko euskaltzaina hil da
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 8 abril 2011 18:19

BILBO, 8 Abr. (EUROPA PRESS) -

Xabier Gereño idazle eta ohorezko euskaltzaina gaur hil da, Bilbon, 86 urte zituela. Euskaltzain ohorezkoa zen, 1998tik. Bere aldeko hileta elizkizuna datorren astelehenean, apirilaren 11n, izango da, Deustuko San Pedro elizan, arratsaldeko 19:00etan, Akademiako iturriek jakinarazi dutenez.

Xabier Gereño Arrarte Bilbon sortu zen, 1924ko abuztuaren 12an. Txikitan Bilbon bizi izan zen eta horko Merkataritza Eskolan Ingeniaritza ikasi zuen. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, aita lanetik bota zuten eta familiak Kanarietako Las Palmas hirira alde egin zuen. Hiri horretako goi mailako Merkataritza Eskolan ikasi zuen eta Bilbora itzuli zenean Merkataritza Intendente ikasketak amaitu zituen. Horrez gain, solfeo eta piano ikasketak ere egin zituen. Euskara amarengandik jaso zuen.

33 urtetan zehar, kontularitza ardura izan zuen La Aeronáutica S.A. lantegian. Bere enpresan lankide zuen Manuel Landaluze txistulariarekin txistua ikasi zuen eta dantza taldeen ekintzak eta bidaiak antolatzeari ekin zion. 1955ean Txistularien Elkarteak berriz indarra hartu zuenean, buru belarri aritu zen lanean. 1957an Txistulari Udal Akademiaren sorrera bultzatu zuen, Bilbon.

1980tik 1988 arte Euskaltzaindian lan egin zuen, erakundeko kontabilitatea antolatu zuelarik. Euskaraz antolatu zuen, gainera, berak sortutako eredu hau beste enpresa askorentzat balio handikoa izan zen. Euskal Irrati Telebistako lehen Administrazio-Kontseiluko kide izan zen.

1965. urtean euskal abesti berrien txapelketa eratu zuen Bilbon, baina agintariek debekatu egin zuten. Txapelketa horretan Benito Lertxundik eta Lourdes Iriondok hartu zuten parte, besteak beste. 1950eko hamarkadan Biarritzeko eta Baionako udalekin batera, hainbat jaialdi antolatu zuen Ipar Euskal Herrian ere.

'Txistulari', 'Karmel', 'Zeruko Argia', 'Dantzari' (berak sortu zuen), 'Anaitasuna', 'Aizu!', 'Bilbao' eta 'El Mundo' agerkarietan, besteak beste, eman zituen argitara bere idazlanak.

Cinsa liburu eta disko argitaletxearen zuzendaria izan zen ere. Argitaletxe horren helburua euskal kulturaren aldeko ekintzak zabaltzea zen, musika bereziki, merkataritza-enpresen egitura erabiliz. Cinsak 42 disko argitaratu zituen, bai eta liburu batzuk ere.

1968. urtean, Xabier Gereño espetxeratu zuten; arrazoia hauxe izan zen: Julen Lekuonaren "Ez, ez dut nahi" kantak behar zuen baimenik ez zuen eskuratu, eta Gereñok 15 egun eman zituen kartzelan. Hau izan zen bere bizitzan atxilotu zuten bigarren aldia, lehenengoa 20 urte lehenago gertatu baitzen, 1948an, orduan euskara irakasteko akademia sortu nahi izan zuelako.

Eleberri ugari idatzi zituen, batez ere genero beltza landu zuen.

Euskal Herriko Txistularien Elkarteko sortzaile izan zen, eta San Anton orfeoia sortu zuen taldeko partaidea ere izan zen.

Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izendatu zuen euskaltzain urgazle. Euskaltzain ohorezko, berriz, 1998ko apirilaren 24an izendatu zuen. 1991n Bilboko Reina de la Paz egoitzara joan zen bizitzera. Egoitza horretan kultura eta animazio batzordeko arduraduna izan zen, hasiera-hasieratik.