Xabier Lete omenduko dute bihar Bilbon, Poesiaren Nazioarteko Egunean

Actualizado: viernes, 18 marzo 2011 11:17

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatuko du bihar, joan den abenduan hil zen Xabier Lete poeta eta kantautore euskaldunari eskainitako poesia errezitaldiarekin. Idazle gipuzkoarraren lagunak eta jarraitzaileak bildu nahi dituen omenaldi ekitaldia Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, antolatzaileek adierazi dutenez.

Duela hamarkada batetik, martxoaren 21ean Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Egun hori Unescok bultzatzen du, herrialde guztietan poesiaren inguruan egiten diren jarduerak eskertzeko eta poesia oinarrizko kultura forma gisa sustatzeko.

Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak hasiko du Leteren omenezko ekitaldia. Omenaldia, "Xabier Lete, ahots bizian" izenburuko poesia eta musika errezitaldia izango da, eta egilearen testuetara eta musika-lanetara hurbilduko da, bere adiskide eta kolaboratzaile gertukoak izan zirenen eskutik, hala nola Karlos Jimenez piano-jotzailea, Joserra Gartzia idazlea edo Joxan Goikoetxea eta Antton Valverde musikariak, besteak beste.

XABIER LETE

1944an Oiartzunen jaio zen Xabier Letek hainbat alor landu zituen, musika eta literatura, besteak beste. Musikaren bidea jorratu zuen, bere emazte izan zen Lourdes Iriondorekin batera. Hainbat elkarlan egin zuen beste abeslari batzuekin, Antton Valverderekin, esaterako; Valverderekin batera, hain zuzen ere, ahotsa eta musika jarri zizkion Lizardiren poesiari eta Txirritaren bertsoei 1975 eta 1978 artean.

1968an argitaratu zen Xabier Leteren lehen poesia liburua: "Egunetik egunera orduen gurpilean". Gabriel Arestiren poesia soziala hartzen zuen erreferentzia gisa, "Harri eta Herri" lanean jasotakoa, batez ere. Horrela, Oiartzungo idazleak hitza erabili zuen bere inguruan ikusten zituen bidegabekeriak salatzeko.

Ondoren, "Bigarren poema liburua" eta Irun Hiria saria irabazi zuen "Urrats desbideratuak" etorri ziren. Hirugarren poema liburu horren ondoren, Letek alde batera utzi zuen aldi baterako literatura, politikaren munduan erabat murgiltzeko. 1980ko hamarkadan, poetak, hasieran zuzendari nagusi eta ondoren sailburu karguak bete zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailean, baina, bere osasun-arazoak zirela eta, alde batera utzi zuen betiko bere jarduera publikoa.

Sendatu ondoren, Letek "Zentzu antzaldatuen poemategia" lana argitaratu zuen. Lan horrekin, Euskaltzaindiak ematen duen Felipe Arrese Beitia Poesia Saria lortu zuen. 2009an euskarazko poesiari emandako Kritikaren Saria irabazi zuen "Egunsentiaren esku izoztuak", lanarekin. Lan horrekin berarekin Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, euskarazko literaturaren alorrean.