Yllanak eta Nancho Novok "Ben-Hur" daramate Bilboko Arriagara, antzezlan "bizkor eta dibertigarria"

"Ben-Hur" Arriagan
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: martes, 25 septiembre 2018 12:49

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Yllana konpainiak sortu eta zuzendutako eta Nancho Novo aktoreak idatzitako "Ben-Hur" antzezlan "bizkor eta dibertigarria" Bilboko Arriaga antzokian izango da asteazkenetik igandera, irailaren 26tik 30era. Sei emanaldi izango dira, bana egunero, 19.30ean, eta bi larunbatean, 18.00etan eta 21.00etan. Igandeko saioa 19.00etan hasiko da.

I. mendeko konpainia batek iragarri du "inoiz kontatu gabeko Ben-Hurren benetako istorioa" antzeztuko duela Erromako antzoki batean. Hori da Arriagan antzeztuko den "Ben-Hur" antzezlanaren abiapuntua, aurkezpenean azaldu dutenez.

Lewis Wallace-k sortu zuen eleberria oinarri hartuta, William Wyler-ek egin zuen film ospetsuaren antzerkirako moldaketa Nancho Novok egin du, eta Yllana taldeak zuzentzen du. Pertsonaia mitikoari buruzko "umorezko begirada berri eta bitxia" da, "oso erritmo azkarrarekin". Antzezlana "oso entretenigarria" da, eta aktore taldea lehen mailakoa, ukitu komikoa duten bi antzezle buru direla: Eva Isanta eta Agustín Jiménez. Haiekin batera, Elena Lombao, Víctor Massán, Fael García eta Richard Collins-Moore egongo dira Arriagako agertokian.

Méridako Antzerki Klasikoko Jaialdia eta Focus eta Yllana konpainiak dira ekoizleak, eta proposamen "bitxia" egiten dute, "umore beltzez jositakoa", Yllanaren ohiko estiloaren bidetik. Antzezlana "gag zorrotz eta garratzez eta elkarrizketa aldrebesez beteta dago", eta egiari, maitasunari eta genero borrokari buruzko gogoeta bitxia ere bada.

Horrez gain, egileek "teatromascope" izenarekin definitu duten asmamena erakusten du obrak. Zineko eta antzerkiko lengoaiaren arteko "etengabeko jolaserako aukera" ematen duen proposamena da, ikus-entzuleari istorio epikoa hurbiltzeko, handitasunik galdu barik. "Betaurrekorik erabili barik goza daitekeen 3Dko benetako ikuskizuna", adierazi dute.