Zahartze aktibo eta osasungarrian emandako aurrerapausoak aurkeztu ditu Jaurlaritzak Bruselan

Actualizado: miércoles, 11 marzo 2015 15:20

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Europako Batzordeak antolatuta Bruselan astelehenean eta asteartean egin den Summit for Innovation on Active and Healthy Aging goi bileran izan da Eusko Jaurlaritza, zahartze aktiboaren eta osasungarriaren arloan eman dituen aurrerapausoak aurkezteko.

   Osasun Sailak 'Reference Site' gisa hartu du parte foroan. Izendapen hori 2013an jaso zuen, zahartze aktibo eta osasungarriari modu integralean eta berrikuntzan oinarrituta aurre egiteagatik eta arreta sistema proaktiboen ikerkuntzan egindako lanarengatik.

   "Euskadi erreferentzia da Europan, beraz, eta hainbat motako ekarpenak egiten dizkio European Innovation Partnership on Active and Healthy Ageing (EIP-AHA) ekimenari -Europako Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko Elkartea-, jardunbide egokiak azalduz eta partekatuz", Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez.

   Hain zuzen ere, Europako Batzordeak Euskadi eta Ipar Irlanda hautatu ditu EIP-AHA ekimena aurkezteko, Europako jarduera gakoetako bat den aldetik, eta etorkizuneko bilakaeraz gogoeta egiteko.

   Halaber, erakundeak jardunbide egokitzat jotakoetako bi aukeratu ditu -Osasun Aholkua eta Osasun Karpeta- goi bileraren harira antolatutako erakusketan ikusgai ipini eta zenbait eginbideren funtzionamendua azaltzeko.

   Gainera, Carewell proiektuaren aurrerapausoak ezagutarazi dira. Euskadi da proiektu horren liderra, Osakidetzaren eta Kronikguneren bitartez, eta patologia anitzeko pazienteen arreta integralerako bide berriak garatzea du xede, informazioaren sistemak eta teknologiak direla medio.

   Bestalde, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Europako Foroa "abagune bikaina" izan da hainbat herrialde eta eskualderekin bi aldeko bilerak egin eta elkar ulertzeko memorandumak sinatzeko, esaterako, Ipar Irlandarekin eta Akitaniarekin. Eskoziarekin, berriz, MoU bat sinatzeko bidea hasita dago, hainbat esparru sanitario eta soziosanitariotan bi herrialdeen arteko harremanak estutzeko eta ikaskuntza bizkortzeko helburuarekin.

   Azkenik, Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari Maria Agirrek Bruselara egindako bilera bukatzeko, lan bazkari baterako gonbidapena jaso du, Europako hainbat eskualde eta herrialderekin, tartean, Danimarka eta Suediarekin, gogoeta egiteko.