Zallako frutagintza estazioa lankidetzan ari da ministerioarekin ardoen datu-banku isotopikoa egiteko prozesuan

Actualizado: lunes, 18 agosto 2014 18:56

BILBAO, 18 Ago. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari atxikitako Zallako Frutagintza Estazioa lankidetzan ari da Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Nekazaritako Elikagaien Laborategi Arbitralarekin, Ardoen Datu-banku Isotopikoa egiteko prozesuan, Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Banku horren helburua da ardogintzaren sektoreak sortzen dituen produktuen kontrol ofizialean laguntzea. Guztira, hiru lurralde historikoetako ardoen 24 lagin eramango dira.

Aldundiko Nekazaritza Zerbitzua mahats-laginak hartzen ditu Bizkaiko Txakolina Jatorri Izeneko mahastiaren hiru partzelatan. Lagin hauek, ondoko bi lurralde historikoetako txakolinaren beste bi jatorri-izenekoekin eta Arabako Errioxakoekin batera, Aldundiko Zallako Frutagintza Estazioko upategi esperimentalean prozesatzen dira. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 24 muztio eta ardo dira.

Lehenengo, laginen muztioa ateratzen da eta, zati batekin, mikroardogintzak egiten dira, hau da, ardo apur bat egiten da. Ateratako ardoak eta muztioak egonkortu ondoren, botiletan sartzen dira Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Nekazaritako Elikagaien Laborategi Arbitralera eramateko. Han, analizatu egiten dira kanpainan euskal jatorri-izeneko ardoek izango dituzten isotopoak zehazteko.

Zallako Frutagintza Estazioko upategi esperimentalak bost urtez gordetzen du egindakoaren zati bat, garraioan arazorik balego ere, edo, beharrezkoa bada, kontra-analisiak egin ahal izateko.

UPATEGI ESPERIMENTALA

Zallako Estazioko Upategi Esperimentalaren helburuak honakoak dira: batetik, Bizkaiko frutagintza eta mahastizaintza aztertu eta hobetzea eta, bestetik, Bizkaiko Txakolina eta Bizkaiko Sagardoa jatorrizko deiturei eta Frutazainen Elkarteari (Bialka) eta Txakolingileen Elkarteari (Bialtxa) teknologikoki lagundu eta baliabideak eskaintzea.

Gaur egun, zentroak sei hektarea ditu okupatuta fruta-arbola eta mahatsondoekin. Bi eraikin ditu, eta eraikinen barruan honako hauek daude: upategi esperimental bat eta hozkailu handiak, landareak ugaltzeko eta mahatsondoetako gaiak hautatzeko berotegiak eta ureztatzeko instalazioak, estazio meteorologikoa, makinak eta beste elementu batzuk.

Mahastizaintzaren arloan, berriz, bertako barietateen (Hondarribi zuria, Zuri Zerratia, Mune Mahatsa, Berdexa Sarie, Hondarribi Beltza eta beste batzuk) klonazio bidezko hautaketa egiten da. Era berean, bertako eta kanpotiko mahastien espezieak aztertzen dira, horretarako hainbat mentagai eta formazio-sistema erabilita. Aldi berean, barietateen gaitasunari etekinik handiena ateratzeko aukera ematen duten inausketa-teknikak aztertzen dira, baina egingo diren ardoen kalitatean inolako eraginik izan gabe. Horrez gainera, upategi esperimentalean beste azterketa batzuk egiten dira: mahats-biltze berantiarrak, ardo apardunak eta destilatuak.

Zallako Frutagintza Estazioa, gainera, mahatsondoak sortzeko eta hautatzeko titulua lortu duen EAEko mota honetako lehenengo esperimentazio-zentroa da. Duela bi urte lortu zuen. Horri esker, Bizkaiko Foru Aldundiak baimena du hasierako materiala, oinarrizkoa ekoizteko eta ziurtagiriak emateko, mahatsondoak ugaltzeko.