Zazpi Kaleetako metroko geltokiko sarrera eta irteera, bakarrik Unamuno plazako sarbidetik

Metro Bilbaoko 3. lineako obrak
Europa Press
Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 10:43

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Metro Bilbaoko 3. lineako Zazpi Kaleetako geltoki berriaren eraikuntza lanak aurrera doazenez, datorren asteazkenetik, otsailaren 17tik, itxi egin beharko da San Nikolaseko plazatxotik 1. eta 2. lineatako geltokira dagoen sarrera, eta horrela, erabiltzaileak Unamuno plazako kanoitik eta Mallonako igogailutik baino ezin izango dira sartu Zazpi Kaleetako geltokira. Egoera horrek horrela jarraituko du obra amaitu eta 3. linea zerbitzua ematen hasi arte, eta orduan berriro zabalduko da San Nikolas sarbidea hiru lineetara sartzeko.

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa arduratzen da 3. linea eraikitzeko lanez. Lan horiek 279 milioi euroko aurrekontua dute, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana finantzatuta.

   Obraren fase berri horretako lehenengo lanak, jarduketak gauzatuko diren ingurunearen perimetroa ixtean oinarrituko dira, Askao eta Esperantza kaleetako oinezkoen eta trafikoaren segurtasuna bermatu ahal izateko.

   Ondoren, talde teknikoek, gaur egun oraindik ere 1. eta 2. lineatako sarbidea jasotzen duen eraikinaren "txapela", alboetako eraikinetara ematen duen gainerako egitura eta Txorierriko linea zaharreko trenbideko zenbait ekipamendu desmuntatzeko lanak hasiko dituzte. Gaur egun, Esperantzako pilotalekutik gertu dagoen aldean, 3. lineako Zazpi Kaleetako geltoki berriaren zimendatze lanak egiten ari dira.

   2015eko maiatzean lanak hasi zirenetik, Esperantzako pilotalekuko eta San Nikolaseko geltoki zaharraren eraisketa partzialak egin dira eta, horrez gain, etorkizunean geltokia jasoko duen orubearen eta 120 metro luze den tunelaren hondeaketa lanak hasi dira. Lan horren %90 eginda dago.

OBRA ZIBILA IA AMAITUTA

   Halaber, 3. linearen gainerakoan lanak etengabe ari dira, eta obra zibila ia amaituta dago, Txurdinagan eta Zazpi Kaleetan izan ezik. Duela zenbait hilabetetik, igogailuen, eskailera mekanikoen eta pasabide errodagarrien instalazio lanak ari dira egiten eta, horrez gain, instalazio, azken ukitu eta trenbidea muntatzeko kontratuak ere gauzatzen ari dira.

   3. lineak tren loturak izango ditu 7,5 minutuz behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonatik gorako biztanleriari eskainiko dio zerbitzua. Horrela, pertsona horiek trenbide metropolitarreko geltoki bat izango dute euren etxeetatik hamar minutu baino gutxiagora.

   Trazatua 5.885 metro izango da luze, eta zazpi geltoki izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi Kaleak, Uribarri eta Matiko. Geltoki guztiek (Etxebarri eta Zazpi Kaleak salbuespen) Norman Fosterrek 1. eta 2. lineatarako diseinatutako geltokien tipologia bera izango dute.

   3. lineak Bilbo iparraldeko auzoei eskainiko die zerbitzua batez ere, baina Bermeotik, Durangotik edo Eibartik datozen pertsonei hiriburuaren erdira errazago iristeko aukera ere eskainiko die. Horrez gain, Txorierrik tren lotura berria izango du metro bateko zabalerako gainerako linearekin, une honetan eraikitzen ari den Artxandako tunel berriaren bitartez.