Zerga sistema Europako inbertsiorako baliabidea dela defendatu du Eusko Jaurlaritzak Bruselan

Actualizado: jueves, 9 febrero 2017 11:48

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Europako Eskualdeen Batzordean egunotan Bruselan egiten ari den osoko bilkuran parte hartu du eta 26 zuzenketa aurkeztu dizkio Europako Batzordeko arau multzo zabal bati, zerga sistema Europako inbertsiorako baliabidea dela defendatuz, besteak beste.

Oraingoan, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, zuzenketak hainbat arlotan aurkeztu ditu Elorzak, hala nola inbertsio eskasian, muga aldeko lotura faltan, portu eremuak birgaitzean, uraren kudeaketa sisteman, alkoholaren eremuko estrategian, egile eskubideetan eta telekomunikazio paketearen berrazterketan.

Inbertsio eskasiaren arloan, Jaurlaritza orain dauden finantzatze mekanismoen erabilpen onenaren alde dago eta teknologia berritzailearen erosketa publikoren eta zerga sistemaren aldeko apustua egiten du, horiek europar inbertsiorako baliabidetzat hartuta.

Alkoholari buruzko gaien inguruan, euskal oredezkariak nabarmendu du zeregin garrantzitsua dutela familiek, komunikabideek, banatzaileek eta ekoizleek alkoholaren neurrizko kontsumo arduratsua bultzatzerakoan, eta azpimarratu du garrantzitsua dela gehiegizko kontsumoak eragindako arriskuez informazioa ematea eta gizarte zibilak prebentzio programetan parte hartu behar duela.

Horretarako, Jaurlaritzarentzat "funtsezkoa" da alkoholaren ordezko aisialdia sustatzea prebentzioaren ildo gisa. Zigorrak direla eta, proposatu du isunak eta bestelako kontrol neurriak kendu eta heziketa eta prestakuntzarako beste programa batzuk ezartzeko aukera izatea, ustezko arau hauslea adin txikikoa denean.

TELEKOMUNIKAZIOAK

Telekomunikazio paketea berraztertzea dela eta, Jaurlaritzak uste du "ahalik eta homogeneoen" bultzatu behar dela ahalmen handiko konektagarritasuna eta lurraldeen arteko oreka mantendu eta metaketak galarazi behar direla bikaintasun guneetan. Halaber, kontsulta digitalerako gune bat sortzea proposatu du, doaneko sarbidea duten wifi puntuen berri emateko pertsonen mugikortasuna hobetze aldera.

Azkenik, hiriak eta portu eremuak birgaitzea dela eta, Elorzak proposatu du garraio sareak ez ezik telekomunikazio eta energia sareak ere kontuan hartzea, barne guneetarako sarbidea eta urrutiko edo uharteetako guneen lotura hobetzea juridikoki eta finantzarioki laguntzeko orduan.

Osoko bilkuran parte hartu dute Ian Borg EBren funtsetarako Estatu idazkariak eta 2017ko presidentetzakoak, Maltako presidentetzaren lehentasunak aurkezteko; Vazil Hudak Inbertsioen Europako Bankuaren presidenteordeak; Phil Hogan Nekazaritza eta Landa Garapenerako komisarioak; eta Silvia Costa Europako Parlamentuko diputatuak.