Zergen bilketak %3,6 egin du gora Bizkaian 2013an

Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko diputatua
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 28 enero 2014 14:00

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Zerga itunduen bilketa metatua %3,6 handitu da 2013. urtean Bizkaian, eta horrela, maiatzetik, zortzigarren hilabetez jarraian datu positiboak izan dira. Guztira, joan den urtean 6.226,1 milioi euro bildu dira, 2012an 6.011,3 milioi bildu ziren bitartean.

   Bizkaiko Aldundiak kudeatzen dituen zerga itunduetan 5.740,8 miloi euro bildu dira, hau da, 2012an baino %4,1 gehiago, orduan 5.515,4 milioi euro bildu baitziren.

   Horrela, zuzeneko zergen artean, PFEZak %1,6ko jaitsiera izan du 2013an, 2.219,8 milioi bildu ondoren, 2012ko 2.256,1 milioien aurrean, lanaren gaineko atxikipenek eta higigarrien kapitalaren gaineko atxikipenek %1,3ko eta %11,5eko jaitsiera izan dutelako, hurrenez hurren. Halere, jaitsiera horiek arindu egin dira, neurri batean, kuota diferentzialaren itzulketak txikiagoak izan direlako, haien zenbateko negatiboa %3,6 gutxitu ondoren.

   Sozietateen gaineko zergan kuota diferentziala %13 hazi da (618,2 milioi 2013an eta 546,9 milioi 2012an), Bizkaiko Foru Araudiaren menpeko enpresek beren balantzeetan egindako eguneraketaren ondorioz, horrela 120,2 milioi euro bildu baitira. Ondarearen gaineko zergan 72,8 milioi euro bildu dira 2013an, aurrekoan 61,8 milioi izan ziren bitartean.

   Modu honetan, zuzeneko zergen bilketan, guztira, %2,4ko igoera izan da Bizkaian, 2013an 3.197 milioi euro bildu baitira, 2012an 3.121,4 milioi euro izan ziren bitartean.

   Zeharkako zergei dagokienez, Bizkaiko Aldundiak kudeatzen duen BEZak %6,8ko igoera izan du: 2.350,3 milioi euro bildu dira 2013an, eta 2.200,9 milioi bildu ziren 2012an. Gainera, BEZaren doikuntzak (beste foru aldundi bien alde egin da, eta, ondorioz, Bizkaian bildutakoa txikiagotu du) %7,3 egin du gora, eta beraz, Bizkaiak 757 milioi euro ordaindu ditu 2013an, aurreko urtean 705,5 milioi ordaindu zituen bitartean.

   Zerga berezietan, hidrokarburoen gainekoak %19,7 egin du gora, elektrizitatearen gainekoak %4,1 behera, alkoholaren eta edari eratorrien gainekoak %13,1 behera, eta tabakoaren gainekoak %5,5 behera. Hidrokarburoen gaineko zergari dagokionez, tasa autonomiko bat dauka, hidrokarburo batzuen txikizkako salmentaren gaineko zergaren ordezkoa, eta %74,6 jaitsi da. Termino homogeneoetan, aldiz, %15 hazi dira biak.

DOIKUNTZAK

   BEZarekin gertatzen den bezala, zerga bereziak ere doitu egiten dira beste foru aldundiekin, eta horren ondorioz, Bizkaiak 343 milioi euro eman ditu 2013an, Bizkaiak bildutakoa gutxituz. Horrenbestez, BEZaren eta zerga berezien doikuntzaren ondorioz, Bizkaiak 1.100 milioi euro eman dizkie 2013an beste Arabari eta Gipuzkoari (2012an 992 milioi euro eman zizkien): 357 milioi euro Arabarentzat (2012an 373 milioi) eta 743 milioi euro Gipuzkoarentzat (2012an 619 milioi).

   Horrela, guztira, zeharkako zergen bilketan %6,5eko igoera egon da 2013an Bizkaian. Izan ere, 2.480,2 milioi euro bildu ziren iaz, 2012an 2.329,4 milioi euro izan ziren bitartean.

   Bizkaiko Aldundiak kudeatzen dituen zerga itunduetan bildutakoaz gain -bilketa hori Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailak egiten du zuzenean-, bilketaren parte dira BEZa eta zerga bereziak direla-eta estatuarekin egiten diren doikuntzak.

   Horrela, BEZa dela-eta estatuarekin egiten den doikuntzaren ondorioz, 578,1 milioi euro jaso dira 2013an, eta 2012an, berriz, 543 milioi euro jaso ziren. Aitzitik, zerga bereziak direla-eta Estatuarekin egiten den doikuntzaren ondorioz, 92,8 milioi euro ordaindu dizkio Bizkaiak estatuari 2013an, eta 2012an 47,1 milioi euro izan ziren.

   Azkenik, Bizkaiko Ogasunak gogorarazi du 2013an 6.220,5 milioi euro biltzea aurreikusi zela, eta beraz, Bizkaiko zerga sarreren aurrekontuaren betetze maila %100,1ekoa da, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiei 1.100 milioi euro ordaindu arren.