Zestoako osasun zentro berria inauguratu dute, ia 600.000 euroko inbertsioa egin ondoren

Actualizado: viernes, 9 octubre 2015 13:47

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Zestoako (Gipuzkoa) Osasun Zentroa inauguratu du ostiral honetan, Osasun sailburu Jon Darpón eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria lagun dituela, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatearekin batera. Zentro berria Euskal Herria plazan dago, aurrekoa zegoen plaza berberean, eta ia 600.000 euroko inbertsioa egin daz. Modu honetan, 3.600 zestoarrek 552 metro koadro erabilgarri duen osasun zentro berria dute, "hobekuntza nabarmenak dituena erosotasun, irisgarritasun eta zerbitzu aldetik".

   Inaugurazio bisitan, herri agintariek zein haiekin zeudenek bertatik bertara ikusi dute zentro berriak dakartzan hobekuntzak. Zentro berria astelehenera arte funtzionatuko duen zaharretik metro eskas batzura besterik ez dago.

   Hedabideen aurrean hitz egin duenean, Urkulluk azaldu du 599.779 euroko inbertsioa egin dela zentroan, eta "hobekuntza nabaria" ekarriko diela zestoarrei eta bertan lan egingo duten profesionalei. Gainera, "Euskadiko pertsonekin eta haien osasunarekin" Jaurlaritzak duen konpromisoa berretsi du.

   Zestoako osasun zentro berrian irisgarritasuna hobetu da, zentro berria kale mailan dagoelako; barrutik nabarmen gehitu da instalazioen erosotasuna, handiagoak baitira itxarote gelak; eta kontsulta gehiago dago erizaintzan eta medikuntzan. Gainera, sendaketak eta probak egiteko eremuak egokitu dira mugikortasun murriztua duten pertsonak hartzeko. Halaber, taldeko jarduerak egiteko gela bat dago.

   Zentroa astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 08:00etatik 15:00ak arte. Medikuntza Orokorreko hiru medikuk eta Pediatria eta Medikuntza Orokorreko hiru erizainek artatuko dituzte pazienteak, eta horiekin batera bi administrarik eta astero etorriko den emagin batek osatuko dute langile zerrenda. Profesionalek hobeto lan egin ahal izango dute elkarrekin bilera gela berrian eta liburutegian.

PREBENTZIOA

   Bestalde, Jon Darpón Osasun sailburuak adierazi du "prebentzioan ardazturiko" osasun sistema bat behar dugula, "eta arreta zentratuagoa pertsona bakoitzaren beharretan, bereziki kolektibo batzuen kasuan, iraupen luzeko eritasunak dituzten pertsonak, gaixotasun arraroak dituztenak, zainketa aringarrien beharra dutenak".

   "Komunitateko arretak eta familia medikuntzarenak ebazpen handiko tresnak izango dituen lehen mailako arreta bat eskatzen dute, prestigiotsuagoa, eta lotuago egongo dena ospitaleko arretarekin", gaineratu du.

   Osasun zentroaren tipologia berri hori egi bihurtzeko, Zestoako Osasun Zentroa Donostialdea osasun erakunde integratuaren barruan dago. "Antolamendu berri bat da herritarren osasuna hobeto zaintzeko, sarean lan eginez", esan du.

   Halaber, Jon Etxeberria Osakidetza zuzendari nagusiak baieztatu du datozen hilabetetan jarraituko dutela egitura berriak sustatzen, "kalitateko arreta eskaintzeko Euskadi guztian", eta "gure profesionalen lorpen handiak" nabarmendu ditu, "dedikazio, eskarmentu eta

ahaleginari esker lortzen direnak". Gainera, horri guztiari esker, "kalitatezko osasun zerbitzu bat" bermatu daitekeela adierazi du, "erkidegoaren barruan eta hemendik kanpo ere aitortzen dena".

   Azkenik, Zestoako alkateak "herritarren gogobetetasuna" azaldu du zentro berriarekin, eta esker hitzak izan ditu lehendakariarentzat eta osasun agintarientzat eta udalerriko aurreko bi alkateentzat.