Zetazeoak behatzeko itsasontzi irteerak izango dira Urdaibaitik apiriletik urrira

Zetazeoak ikusteko aukera eskainiko du berriro Ekoetxea Urdaibaik
EKOETXEA URDAIBAI
Actualizado: miércoles, 15 marzo 2017 13:56

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Ekoetxea Urdaibaik, AMBAR Itsas Faunaren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteak eta Hegaluze nautika enpresak "Zetazeoak 10etan" kanpaina egingo dute apiriletik urrira bitartean, zetazeoak ikusteko itsasora egindako irteerak eskainiz. Irteeren bidez ugaztun espezie horien kontserbazioak duen garrantziaz jabetzea da helburua, euskal kostaldetik hurbil dabiltzan zetazeoak bertatik bertara ikuskatuz. Ekintza zetazeoak ez gogaitu, ez nekarazi edota ez kaltetzeko jokabide arauei lotuta egingo da.

Itsasontzian egingo diren ibilbide gidatuetan, AMBAR elkarteak emandako azalpenei esker euskal kostaldeko itsas faunak eskaintzen duen aberastasuna ezagutuko da. Gainera, hidrofono bati esker, itsasoaren eta itsas animalien soinuak entzungo dira. Hidrofonoak itsaspeko soinuak batu, audio seinale bihurtu eta datu neurgarrietan bihurtzeko konfiguratuta daude. Itsaspeko mikrofono hauek ur masa handien azterketa errazten dute, sakonera handiko urak izan arren eta urpeko igeriketa azterketa medio gisa baztertzen denean ere.

Horrela, Busturiko Madariaga dorretxean dagoen Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek jakinarazi dutenez, 2017an bi irteera mota izango dira. "Zetazeoak 10etan" irteerak 09:30etik 14:00etara izango dira eta Bermeoko portutik irtengo dira, lau ordu eta erdiko iraupena duen ibilbidea eginez. Parte hartzaileek 7 urtetik gora izan beharko dute, eta irteeraren prezioak 40 euro (nagusiak) eta 28 euro (umeak) izango dira.

Bestalde, "Zetazeoak 10etan PRO" bidaia espezializatuak kostaldeko itsas faunak eskaintzen duen aberastasuna ezagutzeko aukera emango du. Sei orduko ibilbide gidatua izango da, 09:00etatik 15:00etara, Bermeoko portutik irtenda 20 miliatara eta 2.000 metroko sakonerara dauden espezieak ikuskatzeko aukera izanik: cuvier baleak, katxaloteak eta abar. Irteera hauek 16 urtetik gorakoentzat dira bakarrik eta prezioa 48 euro da pertsona bakoitzeko.

2017ko denboraldiko irteerak hilero iragarriko dira Ekoetxearen web orrian eta apiriletik urrira burutuko dira. Plazak mugatuak dira eta antolakuntzak irteera bertan behera uzteko edota aldatzeko eskubidea izango du arrazoi meteorologikoen edo itsasoaren egoera desegokiaren ondorioz; kasu horietan, parte hartzaileek beste itsasontzi batean kokatzeko edo dirua bueltatzeko eskubidea izango dute. Aurretik izena ematea beharrezkoa da 94 687 0402 telefonoan edota info@torremadariaga.org helbide elektronikoan.

Iazko kanpainan, guztira 16 irteera burutu ziren, eta horietatik 13 behaketa arrakastatsuak izan ziren. Izurde arruntak (Delphinus delphis) zortzi aldiz ikusi ziren; kalderoi arruntak (Globicephala melas) hiru aldiz; Cuvierreko zifioak (Ziphius cavirostris) lau aldiz; marradun izurdeak birritan; zetazeo ezezagunak hiru aldiz.