Zibersegurtasun industrialeko prestakuntza eskaintza "aitzindaria" izango da Gipuzkoan datorren ikasturtean

Zibersegurtasunaren arloko prestakuntza eskaintza aurkeztu dute
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 27 julio 2017 14:39

DONOSTIA, 27 Jul. (EUROPA PRESS) -

Zibersegurtasunaren alorrean etorkizuneko profesional kalifikatuak eta espezializatuak prestatzeko eta trebatzeko aukera emango duen prestakuntza ikastaro eskaintza "aitzindaria" izango da Gipuzkoan datorren ikasturtetik. Zehazki, Lanbide Heziketako (LH) ziklo bat eta Zibersegurtasuneko Masterra eskainiko dira, eta Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Mondragon Unibertsitateak jarriko dituzte abian, hurrenez hurren, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatuak, Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak eta Ricardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuaren zuzendariak aurkeztu dute eskaintza ostegun honetan. Guztiek nabarmendu dute eskaintza "berritzailea" dela Euskadin.

Azken hilabeteetan ugaritzen ari diren zibererasoen arriskuen aurrean enpresa industrialen kezkei erantzuna ematea da helburua, zibersegurtasunaren alorrean "etorkizuneko profesional kalifikatuen prestaketaren eta trebakuntzaren bidez".

Hiru erakundeek kontuan hartu dituzte "kezka" horiek, eta lanean hasi dira titulu berriak sortzeko aukeren inguruan, hain zuzen ere, zibersegurtasunaren ikuspuntutik digitalizazioak sortzen dituen "arriskuei eta aukerei" erantzuteko profil profesionalak bermatuko dituzten tituluen inguruan.

"Gaur aurkeztu dugun prestakuntza eskaintza aipatutako lankidetzaren emaitza da, eta esan nahi du dagoeneko sustatzen ari garela gure enpresei erronka horri aurre egiten laguntzeko ekimenak", adierazi du foru diputatuak.

Prestakuntza eskaintzaren "norabide praktikoa". LH zikloak prestakuntza duala izango du, eta Mondragon Unibertsitateko masterrean ikasleek praktikak egingo dituzte ekimen akademikoarekin elkarlanean dabilen enpresetako batean.

Bestalde, Aizpuruk azpimarratu du lurraldeko zibersegurtasun enpresek prestakuntza eskaintza egituratzen lagundu dutela. "Gipuzkoan zibersegurtasunaren alorrean erreferente diren enpresak daude, aspalditik dabiltzanak alor horretan lanean eta berrikuntzak egiten. Enpresa horien laguntzak eta ezagutzak balioa ematen diote eskainiko den prestakuntzari", gaineratu du.

Irailetik aurrera Donostiako Zubiri Manteo ikastetxean abian jarriko den prestakuntzak zibersegurtasun industrialaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko aukera eskainiko die LHko ikasleei, hala nola normatiba, arkitekturak, dispositiboak, komunikazioa eta bestelako oinarrizko gaiak. Prestakuntzak 650 ordu iraungo du eta, prestakuntza dualari esker, ikasleek aukera izango dute ikasketak eta enpresa batean lana aldi berean egiteko.

MASTERRA

Bestalde, Mondragon Unibertsitateak eskainiko duen Zibersegurtasun Masterrak 500 eskola ordu izango ditu, eta, horrez gain, ikasleek beste 500 orduko amaierako proiektu bat egin beharko dute. Helburua da ikasleei beharrezko ezagutzak eta gaitasun praktikoak eskaintzea, enpresetan zibersegurtasun elementuak sartzen ikas dezaten.

Prestakuntza eskaintza hori era modularrean eskainiko da, hau da, on line tresnak izango ditu eta, horrela, masterra bere osotasunean jarraitu ezingo duten enpresetako profesionalek modulu guztietan parte hartu ahal izango dute.

Gipuzkoako Aldundiak bi prestakuntza ekimenak bultzatu ditu. Horrela, masterrerako 105.000 euroko laguntza eman du, eta LH ziklorako 60.000 eurokoa.