Zibersegurtasuna, Basque Industry 4.0 biltzarraren ardatza, azaroaren 22an Donostian

Basque Industry 4.0 biltzarra aurkeztu dute
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 16 noviembre 2017 11:43

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Basque Industry 4.0 biltzarra egingo da azaroaren 22an, Donostiako Kursaal jauregian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak SPRIren bidez antolatuta, eta zibersegurtasunari arreta berezia eskainiko dio. Bertaratuko diren 2.000 bat lagunek, duela lau urteko lehen edizioan baino hiru aldiz gehiago, jardueren egitarau zabala eta osoa izango dute.

Biltzarrean laugarren industria iraultzari buruzko gaiak jorratzen dira, enpresa, kluster, teknologia zentro eta unibertsitateen eskutik, eta, aldi berean, informazioaren teknologia berriak ekoizpen prozesuetan txertatzea sustatzen da.

Topaketaren aurkezpenean azaldu dutenez, biltzarra Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak irekiko du, eta, ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Basque Industry 4.0 estrategiaren azken berrikuntzak aurkeztuko ditu. Aurkezpenean Tapia bera izan da, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko eta SPRI Taldeko ordezkariekin batera.

Aurtengo biltzarrean, Basque Cybersecurity Centre (BCSC) eta Basque Digital Innovation HUB ekimenak aurkeztuko dira. Zibersegurtasun zentroa SPRIk kudeatuko du, eta bertan bilduko dira arloko jarduera ildo guztiak: prestakuntza, ekintzailetasuna, berrikuntza, homologazioa eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak.

BCSCk Jaurlaritzako hainbat sail biltzen ditu (Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak, Segurtasuna, Hezkuntza eta Gobernantza Publikoa), bai eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileak ere (IK4-Vicomtech, IK4-Ikerlan, Tecnalia eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroa BCAM). Javier Dieguezek zuzenduko du gorabehera informatikoei erantzuteko lantalde hori. Hain zuzen, aurtengo topaketa itxiko duen ikastaro magistrala emango du Dieguezek berak.

Bestalde, Basque Digital Innovation HUB modu digitalean loturiko sare bat da, eta I+G arloko azpiegiturek, lantegi pilotuek eta fabrikazio aurreratuko esparruetan espezializatutako teknikari adituek osatzen dute. Industria enpresak eta bereziki enpresa txiki eta ertainak (ETE) 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun teknologikoz hornitzeko xedearekin eratu da.

Fabrikazio aurreratuko estrategiaren esparruan eta RIS3ren babesean jarri da martxan ekimena. Basque Industry 4.0 pilotatze taldeak koordinatuko du fabrikazio aurreratuko komunitatea; hain zuzen, talde horren zuzendari eragile Manuel Salaverriak hitzaldi bat emango du biltzarrean.

VAN VLIET

Gainera, Basque Industry 4.0 biltzarrean aukera izango da nazioarteko ospe handiko zentroen esperientzia eta garapenen berri izateko. Esaterako, Massachusetts Institute of Technology (MIT) institutuko Berrikuntza arloko arduradun Krystyn Van Vlietek lantegi adimenduna egunerokotasunean nola txertatuta dagoen eta horrek zer eragin duen azalduko du, "Fabrikazio digitalak nola aldatzen du gure lan egiteko, kontsumitzeko eta bizitzeko modua?" hitzaldian.

Halaber, Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea, Alvaro Fraile ITS Security enpresako zuzendari nagusia, Pablo Garcia Deustuko Unibertsitateko industria digitalari buruzko katedraren zuzendaria eta Beatriz Ruiz S21sec enpresako giza baliabideetako zuzendaria mahai inguru batean ariko dira, lanbide profilak industriaren erronka berrietara egokitzeari buruz.

Biltzarra, orobat, Bind 4.0 ekimenaren 2017ko edizioko start up finalisten eta programa horretan parte hartzen duten industrien arteko topagune izango da. Hala, Kursaalen bertan elkarrizketak egin ahal izango dituzte, eta arrakasta izan duten aliantzen adibideak eta erakuskaldiak erakatsi ahal izango dituzte.

Basque Industry 4.0 biltzarrak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean izango du jarraipena, biharamunean, teknologia disruptiboei buruzko jardunaldi batekin: "2020tik harago: Teknologia disruptiboak".