Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko izena emateko epea astelehenean zabalduko da

Actualizado: viernes, 21 octubre 2016 15:08

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) XVI. Zientzia Astearen baitan Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu diren tailer eta txangoetan parte hartu ahal izateko izena emateko epea irekiko da datorren astelehenean, urriaren 24an, goizeko 09:00etan. Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta EHUk gizarteari zientzia hurbiltzeko antolatzen du, "haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz".

Horrela, EHUk jakinarazi duenez, azaroaren 2tik 6ra bitartean Bilbon egingo da XVI. Zientzia Astea (Bizkaia Aretoa), azaroaren 3tik 5era Donostian (Kursaal) eta azaroaren 3tik 6ra Gasteizen (Bibat museoa). Guztira 44 tailer eta 27 txango antolatu dira.

Besteak beste, Bilbon behaketa astronomikoak egingo dira, EspaZio Gelako teleskopioetatik galaxia urrunak ikusteko, eta bideo jokoak programatzen ikasteko tailer bat ere antolatu da. Donostian, "Delituarekiko lilura" tailerrean Kriminologiako ikertzaileen eskutik nobela poliziakoa eraiki ahal izango da, eta Gasteizen, dolare eta bodega bat bisitatuko dira, eta gaztak dastatzeko tailer bat eta arkeologo izaten ikasteko beste bat antolatu dira. Jarduera guztiak doakoak dira eta izen emateak http://zientzia-astea.eus webgunearen bitartez egin beharko dira ezinbestez.

EHUren XVI. Zientzia Asteak beste hainbat jarduera izango ditu: 44 tailer eta 27 txangoez gain, 48 stand, hiru erakusketa, sei hitzaldi, txikienentzako zientzia ikuskizun bat eta Zientzia Club umorea, musika eta zientzia osagaiak batzen dituen formula eskainiko dira. Stand zientifikoak eta abar bisitatzeko ez da izenik eman behar, baina tailerretan eta txangoetan parte hartzeko ezinbestekoa da.