Zientziari buruz eztabaidatzeko tailer bat izango da AlhondigaBilbaon martxoaren 12an

Actualizado: miércoles, 9 marzo 2011 12:26

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbao zentroak "Eztabaidatu dezagun zientziaz. Jokatu eta erabaki" ekimena antolatu du, 2011ko Kimikaren Nazioarteko Urtearen ospakizunen artean eta Elhuyar Fundazioaren languntzarekin. Tailerra martxoaren 12an egingo da eta Europako PlayDecide (www.playdecide.eu) proiektuan oinarritzen da.

Zentro bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez, nanoteknologia ardatz harturik, teknologiaren aurrerapenak gizarteari eragiten dizkion kezkak eta gizarteak haren garapenean izan beharko lukeen esku-hartzea izango dira hizpide ekimenean.

Jokoaren bitartez, eta dinamizatzaile baten gidaritzapean, gai horren inguruko askotariko ikuspegiak ezagutzera emango dira (zientzialarienak, enpresaburuenak...), eta informazioa jaso, eztabaidatu eta talde-ikuspuntua bateratzen saiatuko dira larunbateko ekitaldian. Ondoren, Nanoteknologiari buruz Bilbon atera diren ondorio nagusienak Europan zabalduko dira PlayDecide proiektuaren webgunearen bitartez.

Esan bezala, tailerra martxoaren 12an izango da, larunbata, 18:00etatik 20:00etara, AlhondigaBilbaoko Atrioan. Sarrera doan izango da, gonbidapenarekin. Gonbidapenak AlhondigaBilbaoko Infopuntuan eskuratu ahal dira. Jarduera 16 urtetik gorako gazte eta helduentzako da.