Zigor Zuzenbideaz eta ETAren amaieraz gogoeta egiteko jardunaldia antolatu du Sabino Arana Fundazioak

ETAko kideak su-eten iraunkorra eta behin betikoa iragarri zutenean
EUROPA PRESS
Actualizado: miércoles, 26 junio 2013 13:12

BILBO, 26 Jun. (EUROPA PRESS) -

Sabino Arana Fundazioak epaile, fiskal, Zigor arloko abokatu, akademiko eta politikariak elkartuko ditu berriro, Zigor Zuzenbideaz eta ETAren amaieraz gogoeta egiteko. Hitzordua Bilboko GOAZ Musemum-en izango da, ostiral honetan, ekainaren 28an, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Duela urtebete, Sabino Arana Fundazioak 50 bat epaile, magistratu, Zigor arloko abokatu, politikari eta akademiko bildu zituen, ETAk iragarri zuen behin betiko su-etena zela-eta Zigor Zuzenbideak eman beharreko erantzunaz gogoeta egiteko eta eztabaida irekitzeko. Orduan ikusi zen ETAren aurkako borrokak salbuespenezko neurri ugari bat sorrarazi zituela, hala Zigor Zuzenbidearen arloan, nola auzibidearenean eta espetxeenean.

Sabino Arana Fundazioatik adierazi dutenez, jardunaldi horretan atera zen ondorioa izan zen ETAren borroka armatuaren amaieraren ondoren zetorren garai berriak ekarri beharko zuela normaltasun juridiko baten parametroetara itzultze moduko bat, dela legegintzari dagokionez, dela jurisprudentzia aplikatzerakoan nola administrazio esparruan.

Urte bat igaro denean, mintegi hartara bildu ziren asmoak bere horretan dirau, eta, horrenbestez, jardunaldiaren talde koordinatzaileak beste topaketa bat antolatu du ostiral honetarako, ekainaren 28rako. Helburua da aurrera egiten eta lan egiten jarraitzea, justizia ETAk jarduera armatua utzi duenetik gertatutako agertoki berrira egokitzeko.

"Behar dugu bakea finkatu eta sendotu, eta bizikidetzan oinarritutako etorkizun egoki bat prestatu. Horrenbestez, bada, tinko eutsi behar diogu geure ahaleginari, hots, aipatu xedeak lortzen lagunduko badigu, Zigor Zuzenbideak atxiki beharko lituzkeen printzipioak eta tresnak aurkitzeko eta zehazteko saio horri", adierazi dute Sabino Arana Fundaziotik.

PARTE-HARTZAILEAK

Horretarako, topaletan hizlari arituko dira Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusi ohia eta Javier Mira Benavent Valentziako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakasle titularra.

Halaber, beste parte-hartzaileen artean daude Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusia, Antonio Cuerda Madrileko Rey Juan Carlos Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedraduna, Iñigo Lamarca Arartekoa, Juan Mateo Ayala Bizkaiko Lurralde Entzutegiko magistratua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburua eta bozeramailea, Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkidea, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia edota Juan Ignacio Echano Deustuko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedraduna.

Gainera, Augusto Maeso Gipuzkoako Lurralde Entzutegiko magistratua, Nekane San Miguel Bizkaiko Lurralde Entzutegiko magistratua, Joaquín Giménez Auzitegi Goreneko Zigor arloko epaile magistratua, Iñaki Subijana Gipuzkoako Lurralde Entzutegiko presidentea, Francisco Letamendia EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakasle titularra, Txema Montero abokatua eta Margarita Uria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea ere daude parte-hartzaileen artean, besteak beste.