Zinebi 57k 5.087 film labur jaso ditu, iaz baino 1.719 gehiago

Actualizado: jueves, 17 septiembre 2015 12:54

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 13tik 20ra ospatuko du bere 57. edizioa eta, lanak aurkezteko epea itxi da, 5.087 film jaso ditu, 2014an baino 1.719 gehiago. Horien guztien artetik aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko diren filmak, lehiaketan parte hartuko duten hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz. Generoa fikzioa, dokumentala eta animazioa dira, antolakuntzak gogorarazi duenez.

   Ehundik gora herrialdetik heldutako lanak izan dira. Espainiatik 789 lan heldu dira, eta Euskal Herritik bertatik 84. Frantzia (752), Alemania (311), AEB (300), Erresuma Batua (255), Brasil (287), Mexiko (154), Argentina (187), Kolonbia (75), Txile (64), Venezuela (18), Kuba (16) edota Uruguaitik (14) ere iritsi dira.

   Halaber, zine produkzio urri eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna duten herrialdeen artean, Afganistan (3), Albania (1), Saudi Arabia (1), Bolivia (1), Burkina Fasso (1), Zipre (6), Boli Kosta (1), Irak (13), Jordania (3), Kazakhstan (4), Palestina (5), Kongoko Errepublika (1), Siria (3) edota Vietnam (2) nabarmendu ditu antolakuntzak. "Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek nabarmendu egiten du, berriro ere, zinemaldi beterano honen nazioarteko izaera", adierazi du.

   Gainera, izena eman duten filmen generoei dagokienez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 3.142 fikziozko lanak dira (%61,76), 1.322 dokumentalak (%25,99) eta 623 animaziozkoak (%12,25).

KARTELA

   Bestalde, Oscar Mariné diseinugile eta ilustratzaileak Zinebi 57rako egin duen kartelak Michelangelo Antonionik ingelesez filmatu zituen hiru lanetako bat aipatzen du. Dokumentalaren antzeko formatuan abiatzen den "Zabriskie Point" (1970) filma da. Estreinatu eta urte batzuetara zalantzarik gabeko kultuzko film gisa katalogatu bazen ere, bere unean lan horrek eztabaida asko sortu zituen.

   Oscar Mariné diseinugileak, Bruce Davidson argazkilari handiak, Magnum agentzia historikoko bazkideetako batek, egindako erreportaje baten irudi esanguratsua aukeratu du. Davidsonek New York hiriko gizarte taldeen behaketara bideratu zuen bere lana, zinemagile gisa egin zituen hiru dokumental interesgarriak barne, Harlem auzoko beltzetatik hiriko talde kriminal antolatuetako kide garrantzitsuenetako batzuetaraino.

   Zinebi 57ren irudia sortu duen Davidsonen erreportajearen oinarria, Michelangelo Antonioni Europako zine modernoak eman duen zinegile handienetako batek 1970ean zuzendu zuen "Zabriskie Point" lanaren filmatze lana da. Beste lan batzuen artean, zinemagile horrek gaur egun ere eragin handia duten zenbat maisu lan errodatu zituen, besteak beste, "L'avventura" (1959), "L'eclipse" (1962) eta "Identificazione di una donna" (1982).