Zinebik bere azken edizioko zenbait film eramango ditu Dantzaldira datorren astean

Actualizado: domingo, 20 marzo 2011 13:42

BILBO, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak bere azken edizioan aurkezturiko zenbait film aurkeztuko ditu datorren astean La Fundicion aretoak antolatzen duen Dantzaldiaren 12. edizioan. Film horien ezaugarriak, mugitzen ari den giza gorputzaren aukera ikonografikoei buruz egiten duten ikerketa -hainbat genero eta estetika ikuspegitatik- eta mugitzen hasten den gorputzaren eta hizkuntza propioaren arte adierazpen gisa ulertzen den dantzaren arteko mugako gune horren azterketa dira.

"Mi cuerpo se mueve. La danza y sus imágenes en el cortometraje contemporáneo" erakusketa osatzen duten bi saioek 12 film labur aurkeztuko dizkiete Bilboko ikus-entzuleei -fikziozkoak, dokumentalak eta animaziozkoak-. Film horiek Euskal Herritik, Alemaniatik, Austriatik, Brasildik, Kanadatik, Espainiatik, Amerikako Estatu Batuetatik eta Frantziatik etorri dira. Martxoaren 23an eta 24an emango dira, La Fundicion aretoan, arratsaldeko 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, programazioa martxoaren 23an hasiko da, honako film hauen emanaldiarekin: "Burning Palace" (Mara Mattuschka, Austria, 2009), "FAO" (Carolina Alejos eta Aitor Echeverria, Espainia, 2010), "Strips" (Felix Dufour-Laperriere, Kanada, 2010), "Meanwhile" (Jerome Sable, AEB, 2001) eta "Exhibition 19" (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe, Euskal Herria, 2010).

Donostiako Zinemaldiko azken edizioan egon zen "Exhibition 19" izango da erakusketak jasoko duen Euskal Herriko produkzio bakarra. Film hori lehiaketatik kanpo ikusi ahal izan zen Zinebi 52ko 'InfoEuskadi' atalean. Alde batetik, sormenaren eta profesionaltasunaren exigentzietan oinarritutako mundu batean euren ikonografia propiorik ez duten emakumeen eta, beste alde batetik, mundu horren barrualdea osatzen duten lekuen erretratu anitza da.

Horrez gain, Zinebi 52ko lehiaketa barruko Sail Ofizialean parte hartu zuen "Strips" film kanadarra animaziozko lan bitxia da. Zuri beltzeko irudi indartsuek, mugitzen ari den gorputzaren sedukzio, tentazio eta probokazio mekanismo leunak erakusten dituzte.

MARTXOAK 24

Bestalde, martxoaren 24ko programazioak zazpi film labur eskainiko ditu: "Die Kinetik der Gefühle" (Werner Biedermann, Alemania, 2010), "Ensaio de cinema" (Allan Ribeiro, Brasil, 2009), "Jacky & Judy" (Phil Harder, AEB, 2010), "A cup of wine" (Daniel Conrad, Kanada, 2009), "Living Chiaying" (Gilles Delmas, Frantzia, 2010), "Costa del Sol" (Jan Wilde eta Benjamin Schindler, Alemania, 2010) eta "Sidewalk" (Frank Sahara, Espainia, 2010).

Lan horien artean, Zinebi 52ko lehiaketa barruko Sail Ofizialerako aukeratu zen "Die Kinetik der Gefühle" dokumental alemana azpimarratu behar da. Film horrek begirada eta mugimendua aztertzen ditu, oinarrizko giza behar gisa. Horrela, hitzezkoa ez den komunikazioa keinuaren, aurpegiaren adierazpenaren eta gorputzaren jarreraren bitartez hautematen da. Ondorioz, dantza, helburu nagusi gisa sentimenduen adierazpena duen hizkuntza artistikoa bilakatzen da.

Gainera, saio horretan, ikus-entzuleek "Sidewalk" ekoizpen espainiarra ikusteko aukera izango dute -hori ere Zinebi 52ko lehiaketa barruko Sail Ofizialean egon zen-. Ikus-metafora gisa, zazpi minutuz, bere existentziarako esanahia bilatzen ari den eta bide horretan pertsonen arteko ezusteko topalekuak aurkitzen lagunduko dioten esperientziekin topo egiten duen pertsonaia bati jarraitzen dion animaziozko pieza berezia da.

Otsailaren hasieran hasi zen Dantzaldiaren hamabigarren edizioa. Dantza garaikidearen alorrean izen handia eta nazioarteko oihartzuna duen programa da, eta La Fundicion arte eszenikoei eskainita dagoen Bilboko espazio kulturalak antolatzen du. La Fundicionek 25 urte bete berri ditu, eta programazio egonkorra eskaintzen du urte osoan Deustuko aretoan. 30 ikuskizun inguru antolatzen ditu urtean.