Zinebik "Distantziak" film kolektiboa aurkeztuko du larunbatean Tabakaleran

ZINEBI
Actualizado: jueves, 18 febrero 2016 10:49

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ekoitzitako "Distantziak" film kolektiboa izango da ikusgai larunbatean, otsailaren 20an, 19:00etatik aurrera, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Zinebiren azken edizioan ikusi ahal izan zen filma, joan den azaroan.

   Emanaldia Gutun Zuria zikloaren hileko programazioaren barruan dago. Bertan, gonbidapena egiten zaie nazioarteko zinemaldiei, programatzaileei, kritikariei eta artistei, saio bat programa dezaten eta lankidetzarako eta elkarrizketarako harremanak ezar daitezen, Zinebik jakinarazi duenez.

   Oraingoan, Tabakaleraren Gutun Zuria, Territorios y Fronteras egitasmoaren ekimenez, Zinebik ekoiztu duen "Distantziak" filmarentzat izango da saioa. Territorios y Fronteras egitasmoa finkatuz joan da, gaur egungo ikus-entzunezko sorkuntzaren ikerketa, praxi eta hedapen eragile autonomo gisa. Azken bi edizioetan Zinergentziak zikloan aritu izan da Zinebirekin lankidetzan. Vanesa Fernández egitasmoaren koordinatzailea izango da larunbateko saioaren aurkezlea.

   Zinergentziak zikloa zeharkako ekintza gisa egituratu da Zinebiren programazioan, eta bertan, jaialdia berak, sorkuntza garaikidearen erakusleiho gisa aritzeaz gain, bultzatzaile eta sustatzaile gisa ere jarduten du. Horrela, Zinergentziak zikloak euskal zuzendari eta artista gazteen sorkuntza lanak eta ikus-entzunezko esperimentazioa sustatzen eta bultzatzen ditu, "emergentearen eta premiazkoaren artean kokatzen dugun ekoizpenerako lurralde horretan: zine hibridoa, ezustekoa, librea eta subjektiboa, erradikala eta esperimentala.

   "Distantziak", Maddi Barber, Cris Ezquerra, Aitor Gametxo eta Jesus Mª Palacios zinemagile gazteek egindako film kolektiboa da: ume bat hondartzan galdu da eta beldurrik ez duela konturatuko da; norbait ermitau baten atzetik dabil eta mundutik isolatuko da mundua ezagutzeko; gazte batek bere nortasuna bilatuko du ispiluaren beste aldean.

   "Bakoitzak gaur egun zinema egiteko duen modu pertsonala besteekin batera lantzen duten lau zinemagile gazte dira, behatuz, espekulatuz, galdetuz eta, ondorioz, film jardunbide horiek inbrikatzen diren testuingurua aztertuz. Zine erabat pertsonala, jardunbide dokumentaletan lehen pertsonak duen gero eta subjektibizazio eta presentzia handiagoa agerian utziz, ezarritako diskurtso ofizialaren aurreko erresistentzia edo antidoto gisa", azaldu du Zinebik.