Zinebiklub egitaraua hasiko da bihar eta apirilera arte luzatuko da Bilbon

Actualizado: miércoles, 19 enero 2011 10:21

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Zinebiklub zikloa hasiko da bihar eta, astero, Zinebi 52 jaialdian emandako dokumentalen eta fikziozko zinemaren emanaldi bat eskainiko du apirilera arte. Zinema europarra izango da saio askoren protagonista, baina aukera izango da, baita ere, beste leku batzuetatik etorritako lanez gozatzeko, besteak beste, AEB, Kanada, Letonia, Zeelanda Berria, Japonia, Ukraina, Argentina, Mexiko, Kuba edota Boliviako lanak.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, hiru hilabeteotan, ostegun bakoitzean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Abandoko Barrutiko Udaltegiak, Zinebi 52ko Sail Ofizialean lehiatu ziren 53 film eta lehiaketatik kanpo aurkeztutako beste 20 inguru eskainiko ditu, guztiak ere 70 minutu inguruko saioetan bilduta.

Zikloaren lehenengo osteguna euskal zinemari eskainita egongo da, Asier Altunaren "Artalde" eta Pedro Riveroren "Birdboy" lanekin.

Ondorengo saioetan ere hainbat lan ikusi ahal izango dira, hala nola Krasons zuzendari letoniarraren "Norit Krupi" (urtarrilaren 27an) edo Banu Aksekiren "Thermes" ekoizpen belgikarra (otsailaren 3an).

Halaber, Fikziozko lanari emandako Zilarrezko Mikeldi saria jaso zuen Fernando Francoren "Les variations Dielman" film laburra (martxoaren 17an) eta Animaziozko lanari emandako Zilarrezko Mikeldi saria jaso zuen "Babel" (martxoaren 17an) ekoizpen frantsesa ere izango dira ikusgai.

UNICEF SARIA

Zinebiklubeko egitarauaren barruan azpimarratu behar den beste lan bat Fred Nuñez kolonbiarraren "Ring Ring" kolonbiarra da (martxoaren 3an). Lan horrek UNICEFek ematen duen saria jaso zuen, emigrazioari buruz ematen duen ikuspegi berezia dela eta, publizitatetik edaten duten hizkuntzaz eta estetikaz kontatua.

Horrez gain, Zinebiklubek zine latinoamerikarraren erakusketa bat ere antolatu du. Aukeratutako lanen artean azpimarratzekoa da Janaina Marques kubatarrak zuzendutako "Los minutos, las horas" (martxoaren 24an).

Zinebiklub ekimenak hainbat helburu ditu, eta horietako lehena Bilbok duen zinema-eskaintza osatzea da, pantailetan oso ohikoa ez den ikus-entzunezko produkzio motaren programazio egonkorraren bitartez, laburmetraiak eskainiz (fikzioa, marrazki bizidunak, dokumentalak, esperimentalak eta abar). Lan horiek egile berrientzat, eskola eta, aldi berean, ezagun egiteko eta saltoa emateko gune dira.

Beste alde batetik, etengabeko jarduera eskaintzen dio Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ikus-entzunezkoen alorrean prestatzen duen programazioari eta, horrez gain, Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zine Jaialdiari oihartzun handiagoa ematen dio hirian, jaialdia bera ospatzen den egunetatik kanpo.