Zinegoak jaialdiak sexu eta familia aniztasunekin lotutako hainbat jarduera eskainiko ditu

Jaialdiko arduradunak prentsaurrekoan
ZINEGOAK
Actualizado: miércoles, 10 febrero 2016 16:17

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak 13. edizioaren egitaraua aurkeztu du asteazken honetan. Zinema erakusketa otsailaren 22tik 29ra izango den arren, hilaren 16tik sexu eta familia aniztasunekin lotutako ekintzak izango dira Bilbon, jaialdiaren arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez, zinema retoetatik atera eta audientzia zabalagora heltzeko asmoa baitute.

   "Ez dugu nahi Zinegoak LGTB publikoarentzat soilik zuzendutako festibala izatea, baizik eta zinema ona gustuko duen publiko zabalari zuzentzea, uste dugulako kultura tresnarik onena dela jendarte guztia sentsibilizatzeko", azaldu du Pau Guillen zuzendariak.

   Helburu hori lortu nahian, erakusketak, kontzertuak, mahai-inguruak, antzerkiak eta zine ugariz betetako egitarau izango da. Esan bezala, zinema erakusketa otsailaren 22tik eta 29ra bitartean izango den arren, Zinegoak otsailaren 16tik aurrera hasiko da motorrak berotzen, egun horretan Alde Zaharreko kaleetan argazki erakusketa bat inauguratuko baita, LGTB kolektiboaren ekintzaileek Afrikan bizi duten egoera azaleratuko duena.

   Amnesty International erakundeak Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen lankidetzarekin antolatua, formatu handiko 27 argazki izango dira ikusgai, "eta hiriaren bihotzetik barra-barra zabalduko dira establezimenduetako erakusleihoetan".

   Beste nobedade bat izango da edizio honetan jaialdiaren aurreko astebururako ere antolatu direla ekintzak, sexu aniztasunaz hausnarketa egiteko esparru berriak irekitzeko asmoz. Hilaren 18an, Euskadiko LGTB Mugimenduaren Lehen Dokumentazio Artxiboa aurkeztuko da Euskal Museoan. Berdindu gay, lesbiana, transexual eta bisexualentzako Euskadiko arreta zerbitzuaren eta LGTB kolektiboa ordezkatzen duten elkarteen elkarlanarekin sortua, dokumentu, argitalpen eta multimedia fitxategien bilduma da, eta gaiaren inguruko lehen dokumentazio zentro birtuala osatuko du.

   Otsailaren 19an, "Hacia una primavera rosa" sailaren azken dokumentala estreinatuko da Docken. Mario de la Torre zuzendariaren proiektua da, eta munduko hainbat tokitako sexu eta afektu aniztasuna aztertzen du. Biharamunean, hilaren 20an, trans nortasunaren eta transfeminismoaren bilgunea sortuko da Bilborock aretoan, Pikara Magazine eta Zinegoaken eskutik. Gainera, hilaren 21ean, eta ondoren etorriko den zinema astearen aperitifa moduan, Rose Trocheren "Go Fish" filmaren emanaldia izango da Bilborocken.

ZINEMAZ BETERIKO ASTEA

   Zinegoak jaialdiaren helburu nagusia zinema ona eskaini eta aretoak adin eta mota guztietako jendez betetzea da, eta, horretarako, 13. edizioak zazpigarren artearen lan sorta bikaina eta areto komertzialetara helduko ez diren lanak bildu ditu programan.

   Lehiaketa otsailaren 22an hasiko da Arriaga antzokian izango den inaugurazio ekitaldiarekin, eta bertan, Rose Trocheri Ohorezko Saria emateaz gain, "Closet Monster" filma ikusteko aukera izango da. Fantasia eta errealitate gordinezko kontakizuna da, Torontoko azken festibalean

nabarmendu eta kanadar ekoizpenaren saria jaso zuena.

   Atal Ofizialean, non 12 fikziozko film luze eta zortzi dokumental lehiatuko diren, honako lanbak eskainiko dira, besteak beste, "Desde allá", Veneziako Mostran Urrezko Lehoia eskuratu zuena; "Io e Lei", Marguerita Buy aktore italiarrarekin; edo "Yes, we fuck!" dokumentala, aniztasun, sexualitate eta funtzionalitateaz, hitz horien definiziorik zabalena hartuz.

TRANSMEX ETA OFF ZINEGOAK

   Gainera, edizio honek sexu eta afektu aniztasuna hainbat ikuspuntutik jorratzen duten lanak izango ditu. Adibidez, TransMex atalak, hainbeste kontraste dituen Mexikoko jendarteko transexualitatearen ikuspegia eskainiko du, eta OFF Zinegoak atalean, aldiz, zinemarik esperimentalena aurkeztuko da; biak BilbaoArten eta doan izango dira.

   Beste alde batetik, Begiradak film laburren atal ofiziala ere izango da, baina aurten ez da betiko sailkapena egingo -gay, lesbiko edo trans-, baizik eta gaia eta jatorriaren arabera.

   Halaber, Sarean espazioa, Histeriako Karpinteria edo Fnac izango dira Bilgune atalaren topagune, zinema emanaldiak eta bolo-bolo dabiltzan gaien eztabaidarako guneak bilduko dituen formatua. La Fundicion aretoan "Klasiko Ezkutu Argituak" izango ditugu, doan, besteak beste, Gordon Douglasen "El detective", Frank Sinatra protagonista duena, eta Robert Aldrichen "El asesinato de la hermana George" emango dituena, eta BBK Aretoan "La Gata sobre el Tejado de Zinc" proiektatuko da.

   Bukatzeko, epaimahai ofizialaren buru Karim Aïnouz zinemagile brasildarr izango da, eta bere azken film luzea, 'Praia do futuro", FAS zine klubean proiektatuko da hilaren 23an. Tatiana Lo Iacono eta Maialen Belokirekin batera, otsailaren 28ko amaiera galan jakinaraziko den sarituen zerrenda erabakitzeko arduraduna izango da Aïnouz.

   Amaiera ekitaldi horretan, Ventura Ponsen "El virus de la por" filma ikusteko aukera izango da, eta hurrengo egunean, saritutako filmak proiektatu eta jarraian, Zinegoak Hedapena hasiko da, Euskadi osora jaialdian proiektatutako lanen hautaketa bat zabalduko dituen programa; Berdinduri esker, EAEko 30 udalerrik hartuko dute parte.