Zinema Eraikitzen 32 sailak "Kairos", "Rodantes" edo "Agosto" filmak, besteak beste, aurkeztuko ditu

"Agosto" Filma
DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Actualizado: miércoles, 16 agosto 2017 18:55

DONOSTIA, 16  (EUROPA PRESS)

Sei film hauek sartu dira Donostiako Zinemaldiaren Zinema Eraikitzen 32 sailaren aukeran, izena eman duten 20 herrialdetako 149 filmen artetik: "Agosto", Armando Capórena (Costa Rica - Kuba - Frantzia); Ferrugem / Herrumbe, Aly Muritibarena (Brasil); "Kairos", Nicolás Buenaventurarena (Frantzia - Kolonbia); "Familia sumergida", María Alcherena (Argentina - Brasil - Alemania); "Niña errante", Rubén Mendozarena (Kolonbia - Frantzia) eta "Rodantes", Leandro Lararena (Brasil - AEB).

Beren filmak Zinema Eraikitzen sailean aurkeztuko dituzten zuzendarietako batzuk aurrez ere izan dira Donostian: adibidez, Armando Capóren "Agosto" proiektua III. Europa - Latinoamerika Koprodukzio Fororako aukeratua izan zen, eta proiektu onenaren EGEDA saria eraman zuen.

Bestalde, Aly Muritibaren "Para minha amada morta / To my Beloved" I. Koprodukzio Foroaren aukeran sartu zen, eta Zinema Eraikitzen 26 sailean eta 2015eko Horizontes Latinosen parte hartu zuen ondoren. Horrez gain, zuzendaria berriz itzuli zen Forora 2016an, "Barba ensopada de sangue / Barba empapada de sangre" proiektuarekin.

Zinema Eraikitzen Latinoamerikako zinemagintza sustatzeko laguntza-programa da; Donostia Zinemaldiak eta Cinélatino, Rencontres de Toulouseko jaialdiak eramaten dute aurrera, urtean bitango deialdi baten bitartez. 2002an sortua, talentu berrien nazioarteko proiekziorako plataforma bihurtu da, baita Latinoamerikako ikus-entzunezko industriaren erreferentzia-puntu ere.

Guztira, iragan edizioetan Donostian eta Toulousen aurkeztutako filmetatik zortzi ikusgai egongo dira, Zuzendari Berriak eta Horizontes Latinos sailetan. Toulouseko Zinema Eraikitzen 31 sailean parte hartu zuten filmetatik bi -"La novia del desierto", Cecilia Atán eta Valeria Privato zuzendari berriena, eta "Los Perros", Marcela Said zuzendariaren bigarren film luzea- azken Festival de Cannes-eko aukeran sartu ziren, Un Certain Regard sailean eta Semaine de la Critique-en, hurrenez hurren. Era berean, azken sail horretan izan zen "La familia" ere, Gustavo Rondónen lehen lana, zeina Zinema Eraikitzen 30 sailean proiektatu baitzen.

Aurrez aipatutakoez gain, Horizontes Latinos sailean parte hartuko dute aurreko edizioan Donostiako Zinema Eraikitzen sailean izandako film hauek: "Medea", Alexandra Latishev-ena; "Las olas", Adrián Biniez-ena,eta "La educación del Rey", Santiago Esteves-ena, Industria Sariaren irabazlea. Temporada de caza ere, Natalia Garagiola zuzendariaren lana, Horizontes Latinos sailean izango da 2017an Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean parte hartu eta gero. Marialy Rivas zuzendariaren Princesita, 2015eko Zinema Eraikitzen sailerako aukeratua, Zuzendari Berriak saileko lehiaketan izango da.