Zinema Euskaraz programak "Mundu hobe batean" filma eramango du bihartik zinema-aretoetara

"Mundu hobe batean" filmak Atzerriko Pelikula Onenaren Oscar saria irabazi du au
EUSKO JAURLARITZAKO KULTURA SAILA
Actualizado: jueves, 31 marzo 2011 13:47

BILBO, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturiko Zinema Euskaraz programak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zinema-aretoetan estreinatzen diren pelikulak euskaraz ematen jarraitzen du, eta bihartik aurrera, "Mundu hobe batean" ("En un mundo mejor" gaztelaniazko bertsioan) pelikularen txanda izango da. Filma EAEko hiru hiriburuetan izango da ikusgai bihartik apirilaren 7a arte, bi egunak barne, hain zuzen, Bilboko Golem Alhondiga zinema-aretoetan, Donostiako Trueban eta Gasteizko Floridan.

Programaren sustatzaileek adierazi dutenez, "Mundu hobe batean" filmak hainbat sari jaso du dagoeneko. Danimarkako jatorrizko filmak Atzerriko Film Onenaren Oscar saria irabazi du aurtengo edizioan, bai eta kategoria berdinaren Urrezko Globoa ere. Horrez gain, 2010eko Sevillako Europar Filmen Zinemaldian epaimahaiak Zuzendari Onenaren saria eman zion Susanne Bier-i eta Gidoi Onenarena Susanne Bier-i berari eta Anders Thomas Jensen-i.

Filmaren argumentuari dagokionez, Anton medikua da, eta bere denbora Danimarkako herrixka atsegin baten eta Afrikako errefuxiatu-eremu baten artean banatzen du. Oso mundu desberdinak dira biak eta bertan jartzen zaie berari eta bere familiari mendekuaren eta barkamenaren artean aukeratu beharra.

Seme zaharrenak, Eliasek, eskolakide baten jazarpena sufritzen du. Baina egun batean beste eskolakide batek, Christian-ek, defendatu egingo du. Denbora gutxian Elias eta Christian lagun minak bihurtzen dira. Christian-ek mendeku arriskutsu batean nahasiko du Elias. Ekintza honek zoritxarreko ondorioak sor ditzake; izan ere, bi mutilen arteko adiskidetasuna arriskuan jartzeaz gain, zenbait lagun hiltzeko arriskuan egongo dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Zinema Euskaraz programa bultzatzen du herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera errazteko, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz.