Zinema garaikide esperimentalena aztergai BizBAK ikastaroetan

Actualizado: martes, 20 septiembre 2011 17:54

BILBO, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

BizBAK Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura udako ikastaroen barruan Estatu espainiarreko zinema dokumental berria aztertuko dute Bilbon datozen bi egunetan, irailaren 21ean eta 22an, eta zinema esperimentaletik eta bideo-sorkuntzatik hurbilen diren proposamenak jorratuko dituzte. Horretarako, zinema dokumental berritzaileena lantzen duten zinemagileak gonbidatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), hala nola Andres Duque, Virginia Garcia del Pino eta ikus-entzunezkoen egile diren Los Hijos eta We are QQ kolektiboak.

Horrela, iaz harrera bikaina izan zuen "Lurraldeak eta mugak. Esperientzia dokumental garaikideak I" ikastaroari jarraipena emango dio ikastaro berriak. Zinema dokumentalaren inguruan gaur egun diren problematikei buruzko hausnarketa praktikoa izango da.

Antolakuntzaren arabera, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga zehaztugabean, azken aldian aurkeztu dituzten dokumentalen artean badira irudi harrigarriak eta ausartak eskaini dituztenak, une batzuetan hausnartzera bultzatu eta aldi berean hunkitu egin dituztenak.

Bi jardunaldietan -irailaren 21ean eta 22an- gonbidatutako zuzendariek beren lanak aurkeztuko dituzte Bizkaia Aretoan, eta jaso dituzten eraginei eta zinema ulertzeko moduei buruz mintzatuko dira, entzuleekin batera eztabaidari ekiteko asmoz.

Era berean, saio horietan hizlari izango dira Gonzalo de Pedro zine kritikaria, Josetxo Cerdan URV-Universitat Rovira i Virgiliko irakasleak eta Victor Iriarte zinemagile eta Montevideoko Unibertsitateko irakaslea. Lan guztien oinarrian diren gaiak eztabaidatuko dituzte (egiantza, errealitatearen errepresentazioa, eszenaratzea eta abar).

Los Hijos Madrilgo ikus-entzunezko kolektiboko kideak Luis Lopez, Natalia Marin eta Javier Vazquez dira, eta iraupen laburreko bi lan -"El sol en el sol del membrillo" eta "Ya viene, aguanta, riégueme, mátame"- eta beste bi film luze -"Circo" eta "Los materiales"- egin dituzte dagoeneko, azken hori Nafarroako 'Punto de Vista' jaialdian saritua.

Bestalde, Los Hijos kolektiboak zinemagintzako konbentzionalismoak hautsi nahi ditu. Taldearen lanak ohiko narratibatik aldendu eta film-materialaren beraren azterketaren eremuan barneratzen dira, eta ondorioz, soinua eta irudia inperfekzioz josita ageri dira.

ANDRES DUQUE

Andres Duque venezuelarrak hainbat sari irabazi ditu bere lehen pelikularekin: "Color Perro que huye" (2011). Rotterdameko International Film Festivalek ematen duen Bright Future eta Ikus-entzuleen saria Punto de Vista nazioarteko jaialdian dira sariotako batzuk.

Istripu baten ondorioz zinemagilea ohean izan zen bi hilabetez, eta ondoren, zortzi urtez gorde zituen irudiak eta bazterkinak berreskuratu zituen. Material horrekin film sentsoriala osatu zuen, lagunen erretratuak, Bartzelonan zehar egindako ibilaldi komentatuak eta Venezuela jaioterrira egindako bidaia uztartuta. Kaosa da nagusi. Hainbat atalekin osatutako filmak kutsu oniriko nabarmena du eta zinemagilearen barne barneko mundua erakusten du.

Bestalde, We are QQ kolektiboko kideak Usue Arrieta eta Vicente Vazquez dira. 2011ko Punto de Vista jaialdian Proyecto X Films saria irabazi dute, eta beraz, horren emaitza datorren urtean aurkeztu beharko dute. Kolektiboaren lanen artean aipagarriak dira "El Enemigo" (2008) eta "Canedo" (2010).

Azkenik, Mexikon hainbat urte igaro ondoren Virginia Garcia del Pino Bartzelona jaioterrian ari da lanean, bideo-sorkuntza eta UABko irakasle-lana bateratuta. Hainbat film egin ditu, besteak beste, "Lo que tú dices que soy" (2007), "Pare de sufrir" (2008), "Mi hermana y yo" (2009) edo "Hágase tu voluntad" (2004).