"Zirkorrika" abestiak girotuko du 20. Korrika

20. Korrikaren Abestia Aurkeztu Dute
KORRIKA
Actualizado 2016/12/14 13:10:54 CET

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

"Zirkorrika" abestia izango da 20. Korrikako furgonetako bozgorailuetatik lasterkariak girotuko dituena. Musikari ezagunek hartu dute parte abestian, eta Xabier Zabala da musikaren egilea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ohiko kolaboratzailea.

AEK eta Korrikako arduradunek asteazken honetan aurkeztu dute abestia Iruñeko Kondestable jauregian egindako agerraldian. Abestiaren egile eta interpreteetako batzuk ere izan dira bertan.

Interpretazioan hainbat abeslari eta musikarik hartu dute parte: Izaro abeslari gaztea, Petti beratarra, Miren Narbaiza Napoka Iria eta beste hainbat proiektutako kantaria, Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko abeslaria eta Oihana Fernandez Afu Iruñeko taldeko abeslaria. Jarauta 69 txarangako kideek jarri diote musika, Oreka TX txalapartarieekin elkarlanean. Doinu balkanikoak gogora dakartzan abestia osatu dute, bizia eta alaia.

Agerraldian, Asier Amondo Korrika arduradunak "Batzuk" 20. Korrikako leloa izan du hizpide, abestian ere errepikatu egiten dena, hizkuntza indartzeko, norberak ere bat egin dezakeela gogoratzeko. "Hizkuntza, Kultura, Mundu 'bat' sendotzeko bidean, 'zuk' ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza aberastasunaeta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun", adierazi du.

Amondok eskerrak eman dizkio Iruñeko Udalari, eta agerraldia "harreman oparo baten lehen pausotzat" jo du. Izan ere, 20. Korrika Otxandion hasiko da martxoaren 30ean eta Iruñean amaituko da apirilaren 9an. Amaiera festa prestatzen hasiak dira dagoeneko AEK-ko kideak.