Zirkulazio istripu gehiago baina hildako gutxiago izan ziren Donostian 2016an

Actualizado: jueves, 16 marzo 2017 14:35

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Donostian 1.751 zirkulazio istripu izan ziren 2016. urtean, hau da, aurrekoan baino 114 gehiago. Halere, istripu gehiago izan arren, bi pertsona besterik ez ziren zendu, 2015ean baino hiru gutxiago. Joan den urtean, 74.404 auto, 19.730 motor, 6.347 ziklomotore, 3.966 bizikleta, 3.272 kamioi eta 287 autobus zeuden erroldatuta Dnostian.

Hala jakinarazi dute ostegun honetan Pilar Arana Mugikortasun eta Garraioetako zinegotziak eta Martin Ibabe Kirolak, Gazteria, Hiritar Segurtasuna eta Babes Zibileko zinegotziak, hiriko istripuen gaineko 2016ko datuen aurkezpenean.

Horrela, 2.476 ibilgailu nahasita egon ziren 2016an izandako 1.751 istripuetan. Guztira 967 zauritu egon ziren, 920 arinak eta 47 larriak, eta 2015ean, aldiz, 930 zauritu arin eta 46 larri egon ziren.

Martin Ibabek azpimarratu duenez, "istripu kopurua handitu den arren, Donostiako Udala lanean ari da istripu kopurua gutxitzeko eta, horretarako, hiritik ibiltzen diren ibilgailuen kontrola areagotuko du".

Istripu kopurua handitu izana ez dela datu positibo bat adierazi du, eta Mugikortasun Saila eta Udaltzaingoa batzorde tekniko batean elkarlanean ari direla esan du, "hirian gertatzen diren istripu kopurua gutxitzeko neurriak aztertzen".

HARRAPATZEAK

Bestalde, 2016an Donostian 123 harrapatze gertatu ziren, hau da, 2015ean baino 13 gehiago, eta horietan, 132 ibilgailu egon ziren nahasita. Guztira 57 gizon eta 68 emakume harrapatu zituzte. Mota honetako istripu gehienak astean zehar eta goizez gertatu ziren. Harrapatzeetan nahasitako ibilgailuak segidakoak izan ziren: 75 auto, 14 motor, 14 bizikleta, 9 ziklomotor, 9 autobus, 6 furgoneta eta 5 kamioi.

Pilar Aranak azaldu du Mugikortasun Saila lanean ari dela bide segurtasunaren kontzientziazioaren gaineko hainbat kanpainatan, eta, zehazki, kaltebera handien izan dezaketen kolektiboekin, hau da, ikasleekin eta adinekoekin, "Eskolabidea" eta "Lagunkoia" programen bitartez. "Abiadura kontrolatzeko radar mugikorra eta finkoa erabiliz egiten diren kanpainen helburua da ibilgailuen abiadura murriztea istripu arriskua gutxitzeko", gaineratu du.

2015ean zein 2016an gertatutako harrapatze gehienetan autoa egon zen nahasita, eta, ondoren, motorra. Gros eta Erdialdeko guneak dira harrapatze gehien dituzten guneak, biak baitira ibilgailu pribatu eta pertsona gehien hartzen dituztenak. Gainera, aurten Donostiak bisitari gehiago izan ditu eta, gehienbat, gune horietatik ibiltzen dira, eta hori izan daiteke harrapatzeak gehitu izanaren arrazoietako bat.