Zornotzako (Bizkaia) Larreako kiroldegi berria ireki dute, handiagotze eta berriztatze lanak amaituta

Larreako kiroldegiko igerilekuaren irudia
ZORNOTZAKO UDALA
Actualizado: viernes, 18 febrero 2011 17:33

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Zornotzako (Bizkaia) Larreako kiroldegi berria ikusteko bisita gidatuak hasi dira gaur. Instalazioen berriztatze eta handiagotze lanak amaituta, otsailaren 21etik aurrera izango dituzte erabilgarri zornotzarrek.

Inaugurazio ofiziala gaur egin da. Kiroldegi osoak, Urbelanek burututako lanen ondoren, joan den urteko ekainean inauguratutako gunea barne, 9.000 metro koadro inguruko azalera eraikia dauka, hiru solairutan banatuta.

Kiroldegi berriztatuaren lehenengo solairuan igerilekua dago. Guztira zortzi kale ditu eta neurriei erreparatuz gero, berriz, 25 metroko luzera eta 20 metroko zabalera. Igeriketarako azpiegituraren osagarri da umeentzako igerilekua, hamar metroko luzera eta zortzi metroko zabalera dituena.

Ikusleentzako harmailak ezarri dira igeriketa txapelketetara doazen ikusleentzat eta klaseak hartzen dituzten umeen gurasoak, hala nahi izanez gero, bertan egon daitezen. Altzairuzko muntaia modularra, puntakoa, erabili da igerileku handia egiteko. Mintz berezia dauka, altzairua estaltzen duena. Azken generazioko teknologia berri honi esker, erabateko estankotasuna ez ezik, ontziaren muntaia erraza ere erdietsi da, metalezko panelen sistema erabilita.

Lehenengo eta bigarren solairuetan, igerilekuekin komunikaturik, bi sauna lehor, lurrun-sauna bat, txorrota-dutxak eta eguraldiak bide ematen duenean eguzkia hartzeko erabil daitekeen kanpoaldeko terraza ere badaude.

Igerileku berrian pellet galdaren sistema berritzailea ezarri da. Egur hondakinez egindako pastilla prentsatuak erabiliko dira erregai gisa, eta gas naturala ere erabil daiteke. Igerilekuen klimatizaziorako ezezik, instalazio guztietako berogailurako ere sistema hau hautatu da.

Kiroldegiko gimnasioa, joan den urteko ekainaz geroztik erabilgarri dagoena, bi solairutan dago. Guztira 1.000 metro koadrotik gorako azalera dauka eta hainbat gune bereiz daiteke bertan. Lehenengo solairuan 250 metro koadroko fitness gimnasioa dago, 15 makina dituena (kardiobaskularrak, zintak, eliptikoak) eta muskulaziorako 18 makina eta banku. Den-denak dira berriak, 'Lifefitness' markakoak.

Beheko solairuan, berriz, 70 metro koadroko aretoa dago, spinning egiteko 20 txirrinduz horniturik. Horrez gain, erabilera anitzeko beste bi gela daude, bata 100 metro koadro eta bestea 70 metrokoa. Squasheko bi pistek, eskaladarako rokodromoak eta 540 metro koadro inguruko gimnasio zentralak osatzen dute solairu hau.

Kiroldegiko kantxa erabat eraldaturik dago. Berriak dira aldagelak eta biltegiak, erizaindegia atondu da eta kantxa bera hainbat kiroletarako erabiltzekoa izango da. Harmailak ere berriztaturik daude, eta telebistako emankizunak eskaintzeko egokitu dira.

Instalazio berriotako aldagelak honela daude antolaturik: igerilekuko aldagelen azalera bikoiztu egin da lehengoen aldean eta lehenengo solairuan daude orain ere. Kantxakoek, berriz, harmaila berrien azpiko partea hartu dute eta, azkenik, gimnasiokoak, beheko solairuan daude orain. Aldagela guzti-guztiak daude berriturik eta altzari funtzionalak ezarri dira. Sarbideak, bulegoak eta kafetegia ere berriztaturik daude.