Zornotzako gazte lokal batean pistola batekin mehatxatuz lapurtu zuen gizon bat espetxeratu dute

Publicado: lunes, 22 enero 2018 16:10

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 eta 21 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten joan den ostiralean Bizkaiko Forua eta Gernika herrietan, Zornotzako gazte lokal batean indarkeria eta beldurra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Lapurrak pistola batekin eta labana batekin sartu ziren lokalean, eta dirua, sakelako telefonoak eta balioko beste hainbat objektu emateko agindu zieten. Epailearen aurrera eraman ondoren, epaileak pistola zeraman gizonezkoa espetxeratzeko agindua eman du. Identifikatuta dagoen hirugarren inplikatuaren bila ari dira orain.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, lapurreta hilaren 18an gertatu zen, gauez, gazteak aisialdian elkartzen diren Zornotzako lokal batean. Salaketaren arabera, aurpegia estalita zuten hiru pertsona sartu ziren lokalean, eta suzko arma bat eta labanak erakutsiz gazteak beldurtu zituzten diru zorroak, dirua eta sakelako telefonoak emateko aginduz.

Lokalean zeuden bideokontsola eta bideo jokoak hartu eta bi motxilatan sartu zituzten eramateko asmoz. Biktimetako batek aurre egin zien eta pistola zeramanari eskuan kolpe bat eman zion. Arma erori zitzaienean, lapurrak korrika alde egin zuten, biktimak atzetik zituztela, eta auto batean igo eta ihes egiten ikusi zituzten.

Gertatutakoa salatu ondoren, Ertzaintzaren agenteek ikerketa jarri zuten abian lapurrak identifikatzeko, lekukoen eta biktimen datuak bilduta. Ertzainek ostiral goizean aurkitu eta atxilotu zuten Foruan ihes egiteko erabili zuten ibilgailuaren jabea, eta lapurretan parte hartu zuela aitortzeaz gain, erabili zuen pistola eman zien: aire konprimatuko pistola bat. Bigarren inplikatua arratsaldean atxilotu zuten, Gernikan.

Atxilotuak polizia egoitzara eraman zituzten, eta autoaren titularra eta pistolaren jabea espetxean sartzeko agindua eman zuten. Ikerketak zabalik darrai identifikatu duten hirugarren inplikatua aurkitu eta atxilotzeko.