Zortzi euskal enpresa Canneseko MIPCOM ikus-entzunezkoen azokan

Actualizado: martes, 6 octubre 2015 11:57

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Zortzi euskal enpresa parte hartzen ari dira Cannes hiriko MIPCOM ikus-entzunezkoen azokan, Etxepare Euskal Institutuaren eta EIKEN ikus-entzunezkoen klusterraren Basque Audiovisual programaren eskutik.

   Cannes hiriak azken 25 urteetako uholderik latzenak jasan ditu azken egunetan, eta azokaren bideragarritasuna kolokan izan bada ere, euskal enpresak nazioarteko merkatuetara hel daitezen ezinbestekoa den topaguneak ateak zabaldu ditu astelehenetik ostegunera bitartean.

   Horrela, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Basque Stream, EiTB, Euskaltel, Expressive Media Projects, JOK Films, Pausoka Entertainment, Prime Time Media eta Sugar Factory enpresek osatzen dute euskal ordezkaritza MIPCOm azokan.

   Gainera, euskal ikus-entzunezko sektoreak berri on batekin hasi zuen Canneseko egonaldia, JOK Films MIPjunior-eko nazioarteko pitchean bost finalisten artean aukeratua izan zen Mike's Mysteries proiektuarekin. MIPjunior-en haurrei zuzendutako Telebista programa arloko puntako profesionalak biltzen dira, eta hautatuek euren proiektuak aurkezteko aukera dute.

   Basque Audiovisual euskal ikus-entzunezko sektorea ordezkatzen duen marka da, eta stand propio bat du MIPcom azokan, urtero bezala euskal enpresen erakusleiho izango dena.