Zortzi euskal enpresak itsas-energiaren alorrean egindako aurrerapenak erakutsiko dituzte Eskozian

Mutrikun (Gipuzkoa) Dago Olatuak Ustiatzeko Instalazioa
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Actualizado: martes, 17 mayo 2011 12:56

BILBO, 17 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, Energia Klusterra eta puntako espezializazioa duten zortzi euskal enpresa teknologiko izango dira energia berriztagarriei buruzko All-Energy azokan, Eskoziako Aberdeen hirian, maiatzaren 18an eta 19an. Itsas-energiaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) duen "lehiakortasun maila handia" erakutsiko dute enpresek.

Energiaren Euskal Erakundetik adierazi dutenez, Aberdeengo azokan egongo dira BEC, Tecnalia, Oceantec, Sener, Elecnor eta Zigor Corporación euskal enpresa teknologikoak, besteak beste.

Euskal enpresa horiek guztiak estand berean izango dira, itsas-teknologiak erakusteko eta ikertzeko "bimep" (Biscay Marine Energy Platform) proiektuaren babespean antolatuko den erakustokian, hain zuzen ere; bertan erakutsiko dute haien ahalmen eta espezializazio maila handia. Hala, EAEn itsas-energiak garatzeko ekimen nagusi den "bimep" proiektuaren bidez, aukera ezin hobea izango dute euskal enpresek euren 'know how' espezializatua agertarazteko.

Partekatuko duten stand horren bitartez, euskal enpresek itsas-energiaren alorrean duten ahalmena erakutsi eta zabaldu nahi da; izan ere, "Basque Country, a sea of Energy" izenburupean, azokan izango diren euskal enpresek itsas-energiaren inguruan garatzen ari diren puntako egitasmoak erakusteko parada izango dute, munduan erreferenteak izateaz gain, enpresa horien ahalmen teknologiko eta logistikoen erakusle diren proiektuak erakutsi ere.

BI EGITASMO

Europan itsas-energiaren arloan diren egitasmo nagusien artean, EAEn bi daude: alde batetik, Mutrikuko olatuak ustiatzeko instalazioa, eta bestetik, itsas-energiak ikertzea xede duen "bimep" proiektua. Bi egitasmo horiek punta-puntakoak dira alor horretan Europa osoan eta EAE itsas-energiaren garapenaren lidergoan jartzen dute.

Mutrikuko itsas instalazioa, funtsean, olatuen energia ustiatzeko instalazio erakuslea da. Gipuzkoako herriko portua babesteko egindako dike berrian kokatutako instalazio horrek energia sortuko du bertara helduko diren olatuez baliaturik; zehazki, jatorri berriztagarria izango duen energia elektrikoa sortuko du.

Gaur egun amaituta dagoen instalazio horrek, turbinak jarri eta sarera konektatu eta gero, laster proba faseari ekingo dio, luze gabe martxan jartzeko behin betiko. Aurreikuspenen arabera, urtean 600.000 kWh ekoitziko ditu, hau da, urtean 600 pertsonari elektrizitatez hornitzeko beste energia.

Bestetik, "bimep" egitasmoa itsaso zabalean olatuak kaptatzeko gailuak ikertu, probatu eta ustiatzeko itsas-azpiegitura garrantzitsuenetarikoa da Europan. Izan ere, "bimep"-ek mundu osoko enpresa teknologikoen olatuen kaptadoreen prototipoak eta diseinuak hartuko ditu, bertan benetako egoeran probatzeko. Horren ondorioz, itsas-energiaren alorrean aurrerapauso teknologikoak emango dira eta 'know how' esparruan aurrera egingo da.

ALL-ENERGY AZOKA

Energia gaietan eta energia-iturri berriztagarrien alorrean All Energy da nazioarteko azokarik garrantzitsuenetakoa eta urtero Erresuma Batuan egiten da. Hain zuzen ere, Erresuma Batuak apustu handia egin du itsas-energien alde, bai eolikoa 'offshore' alorrean, bai olatuen energia ustiapenaren arloan.

Ipar Itsasoaren aldean dagoen Aberdeen kostako herriko erakusketa gunean egingo da All-Energy, lehenago egiten zen Oil Energy izenekoaren ordezkoa edo oinordekoa dena, Ipar Itsasoan ziharduten petrolio enpresa nagusiak biltzen zituen azoka eta gaur egun, aldiz, energia berriztagarriak gai nagusi dituena.

Azokak iraungo duen bi egunean, maiatzaren 18an eta 19an, nazioarteko 600 erakusketari baino gehiago izango dira bertan, Erresuma Batua, Txina, Irlanda, Austria, Belgika, Kanada eta beste herrialde batzuetatik joango diren enpresen ordezkariak.