Zortzi ikastaro prestatu ditu Eibarren UEUk udaberriko eskaintzaren barruan

UEUren Eibarreko ikastaro bat
UEU
Actualizado: jueves, 24 febrero 2011 13:25

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Eibarko Ikastetxe Nagusiko udaberriko eskaintza aurkeztu du, etengabeko prestakuntza herritar guztiei zabaltzeko asmoz, eta guztira zortzi ikastaro prestatu ditu. Gaurkotasuna, kalitatea, gizartearen premiak eta euskarazko prestakuntza ardatz, urtez urte eskaintza akademikoa ugaritu du UEUk, bai kopuruan eta bai jorratutako gai eta ildoei dagokionez.

Udaberriko eskaintza aurkezteko prentsaurrekoan Karmele Artetxe UEUko zuzendariak eta Mari Karmen Menika UEUko Ikastetxe Nagusiko arduradunak parte hartu dute.

Karmele Artetxek gaur egun etengabe ikasteak duen garrantzia eta behar hori asetzeko UEUk egin duen apustua azpimarratu du. Bere ustez, egungo krisia garaian, "ezinbestekoa bihurtu da gure ezagutzak etengabe berritzen joatea", eta helburu horri jarraituz, UEUk duela bost ikasturte UEUren "Markeskoako ikastaroak" (udaberrian eta udazkenean) abiatu zituen, kalitatezko goi-mailako euskarazko formazioa eskaintzeko asmoz.

"Erantzuna oso ona izan da, izan ere, ordutik hona parte-hartzea etengabe goruntz joan baita. Partaideen datuei begiratzen badiegu, ikastaro hauetara hurbiltzen den pertsonaren profila honakoa da: emakumezkoa, 30 urtetik gorakoa, unibertsitateko ikasketak egina dituena eta lanean dagoena. Ziklo hau ere aurrekoak bezain arrakastatsua izatea espero dugu", esan du.

Mari Karmen Menikak udaberriko eskaintza osatzen duten zortzi ikastaroen xehetasunak eman ditu. Horrela, Informatika eta teknologia berrien arloan, "Moodle 2.0.ren oinarrizko erabilera" eta "Interneten baliabideak erabiltzen ikasi" ikastaroak eskainiko dira, eta Giza eta gizarte-gaien esparruan, "Argazkigintza dokumentala", "Coaching pertsonala", "Estres psikofisikoa nola gainditu", "Haurtzaroa, oinarri sendoekin" eta "Portaera arazoak kudeatzeko teknikak". Azkenik, Zientzia aplikatuak sailean, "Basoaren sekretuak ikertuz" ikasatroa emango da.

Eskaintza antolatzeko orduan, gaurkotasuna duten gaiak eskaintzea, gizartean dauden premiei erantzutea, aurreko edizioetako ikastaro arrakastatsuei jarraipena ematea, interes orokorreko gaiak lantzea, kalitatezko eskaintza egitea eta euskarazko prestakuntzaren eskaintza zabaltzea Eibar eta Debabarrenean izan dira kontuan hartutako helburuak.

Era berean, formatu desberdinak planteatu ditu UEUk, ikastaroen izaera kontuan izanik, ahalik eta jende esparru zabalagora iristeko asmoz. Horrela, ikastaro laburrak izango dira (8-21 ordukoak), formatu desberdinetan, hala nola astean zehar, arratsaldeko ordutegian edo larunbatetan. Gainera, bi ikastaro online izango dira, irakasleak adituak dira eta dokumentazioa eskaintzen da.

UEUk diru-eskaera egin du Debabarreneko udal guztietan bertako herritarrentzat diru-laguntzak lortzeko, eta une honetan baiezkoa eman dutenak Eibar eta Elgoibarko udalak dira. Horrez gain, matrikula prezio bereziak izango dituzte ikasle, langabe eta jubilatuek.

Dagoeneko ikastaro hauen matrikulazio-epea irekita dago. Informazio gehiago edo matrikula egiteko nahikoa da www.ueu.org helbidera sartu, 943 82 14 26 telefonora deitu edota UEUko bulegotik pasatzea (8:30etatik 17:00etara).