Zumaiako (Gipuzkoa) Flysch-ari buruzko zine-foruma izango da urriaren 3an Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Actualizado: viernes, 30 septiembre 2011 14:43

BILBO, 30 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Sailak eta Bizkaiko Geologoen Elkargoak geologiaren historian munduko erreferentziatzat hartzen den Zumaiako (Gipuzkoa) Flysch-ari buruzko zine-foruma antolatu dute urriaren 3an, arratsaldeko 18:30ean, Bidebarrietako liburutegian. "Flysch, haitzen hitza" dokumentalak IAMS (International Association of Media for Sciences) saria jaso zuen 2010ean.

Dokumentalak lurreko klima eta bizitzaren historian murgiltzen du ikuslea. Horren arabera, historia haitzetan idatzita dago, eta gertakizun horiek, zalantzarik gabe, berriro gertatuko dira etorkizunean, Bilboko Udaletik adierazi dutenez.

"Flysch, haitzen hitza" gaurkotasuna duen gai bati buruzko dokumentala da. Nazioarteko ospea duten 25 zientzialariren hitzekin, dokumentala klimaren, bizitzaren eta gure espeziearen historian murgiltzen da, gure planetaren ingurumen-egoera hobeto ulertzen laguntzeko. Horretarako, Zumaiako Flysch ezagunetik abiatuta, dokumentalak bidaia bat egiten du, eta Islandiako paisaia bolkaniko eta glaziarretara, Wyomingo mendi elurtu eta desertuetara, Yellowstoneko Parke Nazionalera eta Yucatango mexikar penintsulako heriotzaren kraterrera eramaten gaitu.

Emanaldiaren ostean, mahai-inguru bat egingo da, eta, bertan, honako hauek hartuko dute parte: Asier Hilario, dokumentalaren zuzendarikidea eta Zumaiako Flyscheko zuzendari zientifikoak; German Alonso, Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun eta Ingurumen Partaidetzako zuzendariak; Manu Monge, EHUko Kuaternarioko Geologia Taldeko ikertzaileak. Ekitaldia Julio Aizpiri Bizkaiko Geologoen Elkargoko zuzendariordeak aurkeztuko du eta Enrique Rincon Bilboko Udaleko Ingurumeneko zuzendariordeak moderatuko du.