Zurbaranbarriko udaltegi berrian emango diren kultura-tailerretarako matrikulazio epea ireki du Bilboko Udalak

Actualizado: jueves, 13 enero 2011 13:49

BILBO, 13 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak abenduan bukatu zituen Zurbaranbarriko udaltegia goitik behera zaharberritzeko lanak, eta orain lore konposizio, komiki, arte aplikatuko eta 'tiffanys' tailerrak jasoko ditu. Hiriko auzo guztietan ematen diren mota horretako ikastaroen helburu nagusia pertsonen arte-trebeziak garatzea da eta, kasu honetan, zentro berriaren dinamizazioari laguntzea ere, auzoko biztanleen aisiarako eta kulturarako topaleku gisa.

Matrikula egiteko epea urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik, udaltegietan dauden Bilbao-clik bulego elektronikoetan, Bilboko Udaleko webgunean eta 010 telefono zenbakian. Tailerrak urtarrilaren 31tik maiatzaren 26ra burutuko dira, eta prezio hauek izango dituzte: 42 euro pertsona guztientzat, 30 euro langabetuentzat, erretiraturikoentzat eta pentsiodunentzat, eta 5 euro Sarrerako Berme Errenta jasotzen dutenentzat.

Ikastaroak astelehenetik ostegunera eskainiko dira, gaztelaniaz; astelehenetan, arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara, lore konposizioari buruzkoa; astearteetan, 19:00etatik 21:00etara, komiki tailerra; asteazkenetan, 10:30etatik 12:30etara, arte aplikatuei buruzkoa; ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara, 'tiffanys' tailerra.

'Tiffanys' ikastaroan emango diren edukiak honako gai hauei buruzkoak izango dira: tresnak eta materialak ezagutzea, patroiak prestatzea, kristalak ebakitzea, oinarrizko piezak leuntzea, kobrea aplikatzea, oinarrizko piezak soldatzea, patinatzea eta azken garbiketa, amaierako muntaketa.

Arte aplikatuen tailerrean, grabatuak beiran, mosaikoak, maitagarrien hautsak, hareazko koadroak, urre- eta zilar-xaflak, 'decoupeage'-a, transferentziak, 'collage'-ak edo apaindurak euskarri desberdinetan egin daitezke.

Lore konposizioari dagokionez, apaingarriak diseinatzea eta egitea izango da helburua, horretarako loreak, adarrak, harriak, fruituak eta haziak erabiliz. Azkenik, komikiari buruzko tailerrean, istorio bat sortu beharko da pertsonaiekin, eta ondoren gidoia landu, istorioa planifikatu, pertsonaiak karakterizatu, fondoak marraztu, margotu, errotulazioa egin eta, azkenik, binetak taxutu.