Diziplina epaileak behin behineko zigorra ezarri die Dejan Todorovici eta Tornike Shengeliari

Miribillan izan zen borroka
Foto: ACB PHOTO
Actualizado: jueves, 5 marzo 2015 15:02

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Juan Ramón Montero Estévez diziplina epaileak behin behineko zigorra ezarri die Dejan Todorovic (Bilbao Basket) eta Tornike Shengelia (Laboral Kutxa Baskonia) jokalariei, joan den igandeko euskal derbian biek hasi zuten borrokaren ondorioz irekitako espedientearen behin betiko ebazpenaren zain.

   Bi aldeek helegitea aurkez dezakete Saskibaloiko Espainiako Federazioko apelazio epailearen aurrean, ostiral honetan hasiko den hamar egun balioduneko gehienezko epean. Gainera, diziplina epaileak gertaerei buruzko dokumentazio gehiago eskatu die ACBri, bi taldeei eta partidako epaileei, eta gehienez 48 orduko epea izango dute bidaltzeko.

   Gertaerak joan den igandean izan ziren, Bilbao Basketek eta Laboral Kutxa Baskoniak Miribillan jokatu zuten euskal derbian. Partida bukatzeko 7,2 segundo gelditzen zirela, eta markagailuak 93-75 emaitza zuela, Shengeliak falta gogorra egin zion Todorovici eta borroka hasi zen. Bi jokalariak eta aulkian eserita zeuden bi taldeetako jokalari guztiak kanporatu zituzten epaileek, eta talde bakoitzak launa jokalarirekin bukatu zuen partida.