Miramar jauregiko bisita gidatuak igandean hasiko dira berriz

Donostiako Miramar jauregiko bisita gidatuak hasiko dira berriz ere igandean, urriaren 14an, eta abenduaren 30era arte luzatuko dira. Bisita gidatuak hiru hizkuntzatan egingo dira, hain zuzen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, bisitaren iraupena 30 minutu ingurukoa izango da, eta taldeak, gehienez, 20 heldu gehi bost haurrekoak izango dira.

Euskotrenek tren zerbitzu berezia eskainiko du Durangoko jaiak direla eta

Euskotrenek eguneko eta gaueko tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu Bilbo-Deba linean larunbat honetan eta datorrenean, urriaren 13an eta 20an, Durangoko San Fausto jaiak direla eta. Zerbitzu bereziekin ohiko zerbitzua osatuko da, Euskotrenek jakinarazi duenez.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa igandean izango da, Santurtzin

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa Santurtziko Serantes Kultur Aretoan izango da, igandean, urriaren 14an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Arrate Illaro, Ekaitz Larrazabal 'Katxo', Eneko Abasolo 'Abarkas', Imanol Arrutia, Iñaki Iturriotz eta Malen Amenabar dira parte hartuko duten bertsolariak, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.

René Cassin giza eskubideen sariaren deialdia egin du Jaurlaritzak

René Cassin giza eskubdieen arloko sariaren aurtengo deialdia egin du Eusko Jaurlaritzak. Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez ematen du saria Jaurlaritzak, eta bere helburua da publikoki goraipatzea eta saritzea ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin euskal gizartean giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen duten pertsonak eta taldeak.

Zine dokumentalari buruzko lehen foro profesionala egingo dute Zinebiko 60. edizioan

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, EiTBk, Euskadiko Produktoreen Elkarteak (EPE) eta Bizkaiko Foru Aldundiko BEAZ sozietate publikoak "Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea" zine dokumentalari buruzko lehenengo foro profesionala antolatuko dute jaialdiaren 60 edizioan.

Lur kutsatuak lehengoratzeko metodo biologikoak garatzen ari da Neiker-Tecnalia

Neiker-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutua lur kutsatuak biologikoki lehengoratzeko metodologia berritzaile bat garatzen ari da, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) lankidetzan. Metodologia horretan, aldi berean erabiltzen ditu landareak eta kutsatzaile organikoak degradatzeko mikroorganismoak.

Burdinbidearen Euskal Museoak 24. urteurrena ospatuko du datorren larunbatean

Euskotren sozietate publikoaren esku dagoen Burdinbidearen Euskal Museoak bost tren historiko jarriko ditu martxan larunbatean, urriaren 13an, bere 24. urtemuga ospatzeko, Azpeitiko museoko arduradunek iragarri dutenez. Zehazki, 11:00etan, Portugaleko Trenbideen 301 zenbakidun "Allan" automotore diesela abiatuko da, eta ordubete geroago, 12:00etan, Elgoibarretik Donostiara doan trenbideko "Aurrera" lurrunezko tren makina.

Bilboko Udalak ura kenduko du Epalza kalean datorren asteartean

Bilboko Udalak uraren hornidura zerbitzua moztuko du Epalza kalean datorren asteartean, urriaren 16an, 16:00etatik 21:00etara bitartean, gutxi gorabehera, berritze lan batzuk egiteko. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Epalza kaleko 1etik 7ra bitarteko zenbaki bakoitietan kenduko du ura, ur hartuneak berritzeko.

Tenperatura gora ostiralean

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean, urriaren 12an, tenperaturak gora egingo du. Goi hodei finak sartuko dira eta zeruari zurixka kolorea emango dioten arren, eguzki izpiek erraz zehartuko dituzte eta giroa argia eta dotorea izango da.

EAEko herri erakundeek pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat abiatu dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak euskal basogintzaren sektoreari emandako babesa berretsi dute ostegun honetan, manifestu instituzional bat sinatuz eta pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat abian jarriz, "Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia" delakoaren barruan.

Bilbao Hiria 30. Pop Rock Lehiaketako talde finalistak iragarri dituzte

Bilboko Udalak ostegun honetan jakinarazi du Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketako epaimahaiak zein talde hautatu dituen 30. edizioko kategoria bakoitzeko finalean aritzeko. Finalak urriaren 18an, 19an eta 20an izango dira, Bilborock aretoan, Pop Rock, Metal eta Urban kategorietan, hurrenez hurren.