10.000 domeinura iristear dagoela, .eus domeinuaren altak eta berritzeak merkeagoak izango dira

PUNTUEUS FUNDAZIOA
Actualizado: martes, 25 junio 2019 14:29

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Bost urteko ibilbidea betetzear dagoela, .eus domeinua sendotu egin dela eta 10.000 domeinuko langa gainditzetik gertu dagoela jakinarazi dute PuntuEUS Fundazioko ordezkariek. Horrela, lortutako domeinu kopuruak prezioa jaistea ahalbidetu du, eta altak eta berritzeak 19 eurotik hasita izango dira aurrerantzean.

Lehenbiziko .eus webguneak sareratu zirenetik bost urte beteko dira ostiralean, ekainaren 28an. Urteurrenaren harira, San Mamesko metro geltokian kokatutako errealitate areagotuko instalazioan elkartu dira, astearte honetan Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioko lehendakaria, Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendaria, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatua eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko kudeatzailea.

Agerraldian, 2014ko ekainaren 28ko lorpena abiapuntua baino ez zen zela izan azaldu du Goirizelaiak: "2014ko abenduan, .eus domeinuaren irekiera orokorra egin genuenean, zerotik abiatu ginen. Domeinua lortua genuen, baina proiektuak bideragarritasunik edukiko ote zuen galdetzen genion gure buruari. Gaur egun, 10.000 domeinu lortzear gauden honetan, proiektua bideragarria dela erakutsi dugu, baita egonkorra ere. Ezagunak gara eta konfiantza transmititzen dugu".

Orain, normalizazio prozesuan "urrats bat gehiago" emateko unea iritsi da, eta horregatik, .eus domeinuak prezio berri eta egonkorra izango du aurrerantzean. Lortutako domeinu kopuruak ahalbidetu du .eus ere Interneteko gainerako domeinuentzat ohikoa den prezioan finkatzea, bai domeinu berria erosten dutenentzat, bai eta lehendik dutenentzat ere. Horrela, aurrerantzean, .eus domeinua 19 eurotik hasita erosi ahalko da, eta prezio horretan berritu ahalko da hurrengo urteetan ere, domeinuaren normalizazioaren adierazgarri.

Waliñok azaldu duenez, .eus domeinuak prezio berean balio handiagoa ematen du: "Prezioa jaitsi arren, .eus-ek balio handiagoa eskaintzen jarraituko du. Beste domeinuek eskaintzen ez dituzten onurak emango dizkie aurrerantzean ere erabiltzaileei, hala nola nortasun propioa, gertutasuna eta segurtasun gehigarria, Basque Cybersecurity Centerrekin dugun lankidetzaren bidez. Kanpainan diogun moduan, prezio txikiagoan balio handiagoa eskaintzen du .eus-ek".

INSTALAZIOA METROAN

Urteurreneko ekintzen artean, alde batetik, errealitate areagotuko instalazio bat jarri du PntuEUS Fundazioak Bilboko metroko San Mamesko geltokian, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan. Euskarak sarean ere konektatzen gaituela irudikatu nahi du, .eus oinarri hartuta konexio
digitalak sortuz. Era berean, domeinuaren balioak transmititu nahi ditu: erronken aurrean ausarta eta egiteko moduetan eta emaitzetan berritzailea.

Horrela, LED pantaila erraldoi bat ezarri da San Mameseko geltokian, eta kamera eta proiekzioen bitartez erabiltzaileekin elkarrekintza sortzen da. Instalazioa berariaz diseinatu eta programatu du Logela enpresa bizkaitarrak, euskaratik eta euskaraz. "Metro Bilbaoren erabiltzaileak esperientzia berri eta bakar baten protagonista izango dira, euskaraz baino aurkituko ez dutena", adierazi dute.

Bestalde, ospakizun ekitaldi bat ere antolatu du PuntuEUS Fundazioak, "lorpen hura ospatu, bideari heldu eta gailurrera begira jartzeko". Ekainaren 28an goizeko 11:00etan izango da, Bilboko Kafe Antzokian, eta PuntuEUS komunitateari egingo dio aitortza. Taula gainean, Oreka TX, Mixel Ducau eta Maika Etxekopar arituko dira. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da aurrez eskatzea, domeinuak.eus webgunean.